Donostiara eta Oriora joan dira Zarauzko ikurrinak

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 17a, 16:19

Larunbatean jokatutako estropadetan erakutsi zuten Donostia Arraun Lagunakek eta Oriok Zarauzko ikurrinak irabazteko faborito garbiak zirela. Gaurko estropadetan berretsi egin dute beraien nagusitasuna.

Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak izan dira jokoan asteburu honetan Zarautzen. Atzo jokatu zuten Zarauzko traineru ikurrinako lehen jardunaldiak, eta gaur, eguerdi partean, bigarrena. Ez da sorpresarik izan: bezperan gertatu bezala, Donostia Arraun Lagunak Euskotren ligan, eta Orio Eusko Label ligan, nagusitu dira gaur ere. 

Arraunerako ezin baldintza hobeak izan dituzte gaurkoan Zarautzen. Apenas olaturik ez zegoen, eta haizeak ere ez du arraunketa oztopatu. 

Euskotren ligako estropada jokatu dute lehenbizi, eta Arraun Lagunak zen bandera irabazteko faborito nagusia. Larunbateko estropadan lortutako aldea zuten haien alde, baina gaurkoan ere irabaztera atera dira Juan Mari Etxabek gidatutako neskak. Estropada erdira arte eutsi dio Tolosaldeak, baina azken luzean berriro ere bosgarren martxa sartu dute donostiarrek, eta bederatzi segundoko aldearekin nagusitu zaie tolosarrei. Zarauzko estropada eremuko marka berria ere ezarri du Arraun Lagunakek 10:29,80 denborarekin.

Orio eta Zumaia, Zumaia eta Orio aritu dira hirugarren postuaren bila, eta saregileek ia sorpresa eman dute. Azkenean hamar ehunekorengatik izan da Orio hirugarren eta Zumaia laugarren. 

Jardunaldi bikoitz honen ondoren, Oriok kontuz ibili beharko du Tolosaldearekin sailkapeneko bigarren postua gordetzeko. Bi estropadaren faltan, Oriok 93 puntu ditu eta Tolosaldeak 90. Zumaia, bere aldetik, Euskotren ligako ohorezko txandan egonkortu da zapatuan zein igandean egindako bi laugarrengo postuekin.

Liga datorren astean amaituko da, Ondarroan larunbatean eta Getarian igandean jokatuko diren estropadekin. 

Oriok aurkaririk ez Eusko Label ligan

Emakumeen lanak amaituta, gizonen txanda izan da, Eusko Label ligarako puntuagarria. Etxeko lanak eginda zetorren Orio, bezperan irabazita, baina hauek ere ez dute garaipena arriskuan jarri nahi izan: irabaztera atera da Gorka Aranberri patroi duen eskifaia. Hasieratik joan da San Nikolas ontzia estropadaren buruan, baina azken jardunaldietan egin duen bezala, azken luzean hautsi du estropada, eta ihes egin die beste ontziei. Hamar segundoko aldea atera dio Oriok bigarren egin duen Zierbenari. 

Bi jardunaldi hauen ondoren aldea zabaldu du Oriok sailkapenean. Lider da San Nikolas ontzia, 164 punturekin, eta 28 puntuko aldea du Zierbenarekiko, eta 31koa Donostiarrarekiko.

Denboraldi amaierarekin batera gorantz datorren ontzia Getariako Esperantza da. Atzoko jardunaldian laugarren egin zuten getariarrek, eta gaur postu bat hobetu dute: hirugarren izan dira gaurko estropadan. Sailkapenean seigarren da Getaria, eta zaila izango dute postu bat hobetzea, bosgarren den Hondarribiak hamar puntu ateratzen dizkiolako. Hala ere, denboraldi amaierara begira, eta Kontxako estropada miran dutela, une gozoan da Esperantza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide