Oriok eta Arraun Lagunakek Zarauzko ikurrinak eramateko txartel asko dituzte

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 16a, 20:43

Euskotren ligaren ohorezko txandako irteera. (Aitor Arrizabalaga)

Zarauzko ikurrinako lehen jardunaldia jokatu dute gaur arratsaldez. Euskotren eta Eusko Label ligetarako puntuagarriak diren estropadak izan dira jokoan, eta lehen jardunaldirako bideratu dituzte Donostia Arraun Lagunakek eta Oriok asteburuko garaipenak. 

Goizean ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatu eta gero, arratsaldez Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak izan dituzte jokoan Zarauzko estropada eremuan. Hitzordu honek badu berezitasun bat eta da bi jardunalditara jokatzen dutela. Hau da, bi egunetako denborak izaten dituzte kontutan banderaren irabazleak erabakitzerako orduan. Gaur ikusitakoaren arabera, denboraldian dominatzaileak izan diren Donostia Arraun Lagunakek eta Oriok bihar bandera etxera eramateko txartel ugari eskuratu dituzte. 

Euskotren ligako estropadaren hasi da arraun arratsaldea. Denboraldian zehar Oriok hiru bandera irabazi eta sailkapeneko buruan egon bada ere, azken estropada guztiak Donostia Arraun Lagunakek irabazi ditu. Gaurkoan ere hala izan da. Laugarren kaletik atera dira donostiarrak, eta bere kaletik egin dute estropada osoa. Tolosaldeak bakarrik eutsi die donostiarren indarrari, eta une batean, bueltako luzean, segundo bakarrera ere jarri dira urdinak. Hor turboa jarri du Arraun Lagunakek eta ia ohartu gabe aldea 10 segundoraino igo du. Bera izan da estropadako irabazlea, 10:36,14 denborarekin. Bigarren izan da Tolosaldea, hamar segundora, hirugarren gaur aurpegirik onena eman ez duen Orio 22 segundora, eta laugaren Zumaia 25 segundora. Biharko jardunaldiari begira altxor polita lortu dute donostiarrek.

Eusko Label ligako estropada jokatu dute jarraian. Oriok ez du ia aurkaririk izan azken jardunaldietan, eta hasieran aurkariek gauzak estu jarri badizkie ere –Zierbenak eta Donostiarrak denbora hobeak egin dituzte lehen ziabogan–, hirugarren luzerako burua hartu du Oriok eta pixkanaka-pixkanaka aldea handitzen joan da. Hamaieran, 12 segundo aldea atera de San Nikolas ontziak bigarren egin duen Bermeori, eta 13koa hirugarren egin duen Zierbenari. Hasieratik faboritoak baziren, gaurkoa ikusi eta gero are eta faboritoagoak dira oriotarrak. 

Estropada bikain bat eginda, Getaria izan da gaurko jardunaldiko laugarrena. Aise irabazi du Esperantzak bere txanda, eta ohorezko txandan aritu den Donostiarrak baino denbora hobea egin du.

Biharko jardunaldia 11:25ean hasiko da, Euskotren ligako estropadarekin. Haren ondoren izango da Eusko Label ligako estropadako ordua. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide