Traineru estropaden epizentroa izango da asteburuan Zarautz. Gaur eta bihar artean Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatuko dituzte, emakumeen XVII. ikurrina eta gizonen 48.a. Aurretik, atariko gisa, ETE eta KAE 1 ligetako hitzorduak izan dituzte Zarauzko ohiko estropada eremuan.
Hasteko, ETE ligako estropada jokatu dute, emakumeen Zarautz Arraun Elkartearen V. ikurrina, hain zuzen. Ligan ari diren bederatzi ontziak, hiruna ontziko hiru txandatan banatu dituzte. Ohorezko txandaren zain zeuden zaletu guztiak, etxeko trainerua, Enbata, bertan ariko zelako. Lehia estua ari da edukitzen Zarautz San Juanekin, eta hala errepikatuko zela uste zuten guztiek. Hala ere, Zarautzek uste zena baino alde handiagoarekin irabazi dio San Juani. 11:39:87 denbora behar izan du Enbatak estropada irabazteko, San Juanek baino ia 11 segundo gehiago. Hirugarren izan da bigarren txandan aritu den Ondarroa.
Negar malko bat edo beste ere ikusi da Zarauzko zaletuen artean. Izan ere, Enbatak lehendabizikoz irabazi du etxeko ikurrina. Behin bandera astinduta, eta Getariako arrapalara bidean kostaldera hurreratu dira Zarauzko arraunlariak zaletuen txaloak jasotzera.
Garaipen honekin, beste puntu batean handitu da aldea sailkapenean San Juanekiko. 118 puntu ditu Zarautzek eta 116 San Juanek. Printzipioz, bi estropada falta dira liga amaitzeko, datorren astean Bilbon jokatuko dutena, eta atzo bero saparengatik Castron bertan behera geratu zena. Azken saio hori data berri batean berprogramatuko dutela adierazi dute gaur ordezkarien mahaian.
Gizonak laugarren
KAE 1 ligako estropada jokatu dute jarraian, Zarautz Arraun Elkartearen XVI. ikurrina. Hiru txandatan banatuta aritu dira traineruak, eta Zarauzkoa, sailkapen orokorrean hirugarren, ohorezko txandan lehiatu da. Emakumeek aurretik lortu duten garaipenari gizonena gehitzea izango zen zaletu zein klubeko kideen ametsa, baina gaur ezinezkoa izan da. Lehen ziabogan bigarren ziren, bainta itzulerako luzean atzean geratu dira, eta hor joan zaie estropada irabazteko aukerak. Azken luze on batean aurretik zituen ontzietara hurreratzea lortu du Zarautz, ez ordea harrapatzekoa. Hori bai, luze horretan egindako lanari esker lortu dute laugarren postua salbatzea. Gaurko estropada Santurtzik irabazi du, bigarren izan da Lapurdi eta Arkote hirugarren.
Eskualdeko beste trainerua, Zumaia, zazpigarren izan da gaur. Lehen luzetik atzean geratu da Telmo Deun trainerua, hirugarren postuan, eta hala amaitu du bere txanda. San Pedro zumaiarren aurretik sailkatu da, seigarren postuan, eta ligako sailkapen orokorrean beste puntu batean handitu du aldea.
Sailkapen orokorrean hirugarren postuan jarraitzen du Zarautzek. Santurtzik eta Arkotek jokatuko dituzte Eusko Label ligara igotzeko play offak. Zumaiak, bere aldetik, seigarren postuan jarraitzen du sailkapenean.