Arraunaren hiriburu bihurtuko da Zarautz datorren asteburuan

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 13a, 14:12

Banderen aurkezpena, gaur eguerdian. (Juan Luis Romatet)

Euskotren, Eusko Label, ETE eta KAE 1 ligetako estropadak hartuko ditu herriak asteburuan. Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak bi jardunalditara jokatuko dituzten, eta bietan lortutako denborak hartuko dituzte kontutan irabazlea erabakitzeko orduan.

Traineru denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat da Zarauzkoa. Asteburu berean, datorren larunbatean eta igandean, lau ligetako traineru estropadak hartuko ditu Zarautzek: larunbat goizean ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatuko dituzte; zapatu arratsalde eta igande goiz artean, aldiz, Euskotren eta Eusko Label ligetakoak. 

Estropada horietan emango dituzten lau banderak erakutsi dituzte gaur eguerdian, Zarautz eta Getaria arteko pasealekuan egin duten ekitaldian. Bertan izan dira TKEko presidente Borja Rodrigo, Zarauzko alkate Xabier Txurruka, Inaxio Illarramendi zinegotzia eta Zarautz Arraun Elkarteko ordezkari zein arraunlariak. Inguruko herrietako arraun klubetako ordezkariak ere bertan izan dira, hala nola, Orioko eta Getariako arraun elkarteetakoak. 

Ondoren emandako hitzartean, Xabier Txurrukak esan du espero duela "lehia eta emozioa" egotea Zarauzko estropadetan. Gogoratu du, Zarauzko ikurrinak ezaugarri bat duela, Euskotren eta Eusko Label ligei dagokionez, behintzat, eta hori da "bi saiotan" erabakitzen dela. Hau da, arraunketa saio bakoitzean, larunbatean zein igandean, ligetako sailkapenetarako puntuak banatuko dituzte. Irabazleak erabakitzeko, ordea, bi jardunaldietako denborak hartuko dituzte kontutan.

Zarauzko Udalak parekidetasunaren alde egindako lana ere txalotu du Txurrukak, eta nabarmendu du sari kopuru bera jasoko dutela emakumeek zein gizonek.

Borja Rodrigok, bere aldetik, esan du arraun egutegian "gorriz markatutako" hitzordua dela Zarauzkoa. "Tradizioa eta historia duen estropada da Zarauzkoa".

Larunbatetik igandera

Isasoan jokatuko dituzte Zarauzko arraunketa saioak. Emakumeek, Euskotren eta ETE ligetan, bi luze egingo dituzte, ziaboga bakarrarekin; gizonek, Eusko Label eta KAE 1 ligetan, berriz, lau luze, hiru ziabogarekin. 

Larunbatean ekingo diote eskifaiek lanari. Goizez, 11:00etan hasita, ETE ligarako puntuagarria den Zarauzko Arraun Elkartearen Emakumezkoen V. Ikurrina jokatuko dute. Zarauzko Enbatak garaipena lortu nahiko du zaletuen aurrean. Egun, lehia bizia ari dira izaten zarauztarrak Pasai San Juanekin. Sailkapenean puntu bakarreko aldearekin da buruan Zarautz, San Juanen aurretik. Lehena zuzenean igoko da Euskotren ligara eta bigarrenak igoerako play offa jokatu beharko du.

Emakumeen saioa amaituta, 12:00etan, KAE 1eko Zarautz Arraun Elkartearen XVI. Ikurrina jokatuko dute. Zarauzko traineruak ere emaitza on bat lortu nahiko du herriko zaletuen aurrean. Egun hirugarren da sailkapenean, Santurtzi eta Arkoteren atzetik. Zumaiako Telmo Deun ontzia ere lehian izango da estropada horretan. 

Larunbat arratsaldean eta igande goizean jokatuko dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Emakumeak Zarauzko XVII. Ikurrinaren bila aterako dira; gizonek, bere aldetik, Zarauzko XLVIII. Ikurrina izango dute jokoan. Larunbat arratsaldeko saioa 17:25ean hasiko da, Euskotren ligako estropadekin. Haiek amaituta ekingo diete gizonen arraunketa saioei. Igandean, berriz, 11:25ean hasiko dira estropadak: emakumeak arituko dira lehenbizi eta gizonak ondoren. 

Liga hauetan ere eskualdeko traineruak arituko dira: Orio eta Zumaia Euskotren ligan, eta Orio eta Getaria Eusko Label ligan.

Estropadekin batera, gune ludikoak ere martxan izango dira Zarautzen, Lege Zaharren enparantzan. Larunbatean 17:00etatik aurrera izango da martxan, eta igandean 11:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide