Orion eta Zarautzen astindu dituzte asteburuan banderak

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 11a, 11:11

Zarauzko arraunlariak, atzo arratsaldez egindako harreran. (Utzitakoa)

Galizian jokatutako Eusko Label ligako bi estropadak irabazi dituzte Orioko gizonek eta abantaila handitu dute sailkapenean. Euskotren ligan, esku hutsik itzuli da Orio eta Zumaiak beste pauso bat eman du mailari eusteko borrokan. ETE ligan, Zarautzek bandera irabazi zuen larunbatean Camargon eta sailkapeneko buruan jarraitzen du. 

Eusko Label eta Euskotren ligek Galiziarako bidea hartu dute pasa den asteburuan. Arousako itsasadarrean jokatu dituzte bi ligetaako estropadak: larunbateaj A Pobra do Caramiñalen eta igandean Boiron.

Eusko Label ligan, Oriok erakutsi du beste behin ere aurtengo denboraldiko dominatzaile garbia dela. Zapatuan zein igandean San Nikolas ontzia izan da irabazlea. Larunbateko arraunketa saioan Zierbenak ez zizkion gauzak erraz jarri eta traineru pasako aldea besterik ez zen izan oriotarren eta bizkaitarren artean. Igandean nagusitasun handiagoa erakutsi zuen Gorka Aranberri patroi duen traineruak, eta bigarren egin zuen Donostiarrari ia hamar segundoko aldea atera zion. 

Getaria izan zen igandeko estropadan hirugarrena. Saio bikaina egin zuen Esperantza traineruak,  bere txandan segundo bateko aldearekin nagusitu zitzaion Urdaibairi. Ohorezko txandan aritu ziren Oriok eta Donostiarrak bakarrik egin zuten getariarrek baino denbora hobea igandean. Aurretik, larunbatean, seigarren izan zen Getaria.

Sailkapenean, Oriok aldea zabaldu du aurkariekiko. 140 puntu ditu egun Orioko Arraunketa Elkarteko traineruak, bigarren den Donostiarrak baino 24 puntu gehiago. Getaria, bere aldetik, seigarren da sailkapenean, 84 punturekin.

Zumaia pozik Euskotren ligan

Euskotren ligako bi estropada ere jokatu dituzte asteburuan. Oriok oraingo honetan ezin izan du banderarik irabazi; jokoan zeuden biak Donostia Arraun Lagunakek irabazi ditu. Larunbatean, gainera, Tolosaldea donostiarren eta oriotarren artean sailkatu zen. Igandean, berriz, bigarren izan ziren oriotarrak donostiarren atzetik. 

Zumaiak beste urrats garrantzitsu bat eman du pasa den asteburuan, eta ezusteko handirik ezean, maila eustea ziurtatuta duela esan daiteke. Bi estropadetan ere laugarren izan ziren saregileak, eta lortutako hamar puntuekin sailkapeneko laugarren postuan egonkortu dira. Sailkepeneko liderra Arraun Lagunak da, 89 punturekin, eta bigarren da Orio, 81ekin.

Zarautzek bandera

ETE ligan ere beste bi bandera izan dira asteburuan jokoan. Larunbatean Zarautz izan zen irabazlea Camargon (Espainia), San Juanen aurretik. Igandean, Donostian, pasaitarrek irabazi zuten estropada, eta Zarautz bigarren izan zen. Emaitza hauekin, Zarautzek jarraitzen du ETE ligako buruan, baina puntu bakarreko aldea besterik ez du pasaitarrekiko. 109 puntu ditu Zarautzek eta 108 San Juanek.

Larunbatean KAE 1 ligako estropada ere jokatu zuten Kantabriako uretan, eta Zumaia, sentsazio onetara itzulita, hirugarren izan zen. Zarautzek ez zuen itxura onena eman, eta hamargarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Sailkapenean, Zarautz hirugarren da 103 punturekin, eta Zumaia seigarren 83rekin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide