Aiako frontoian herri kirol ikuskizun bikaina izan da gaur arratsaldean, San Donato eta San Lorentzo jaien azken egunean. Hantxe jokatu dituzte, izan ere, 4 Arroa harri jasotze txapelketa, eta aizkorako lehen mailako binakako txapelketa. Gipuzkoako txapelketak izan dira biak, eta goraino bete da frontoia. Aizkoran Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Arkaitz Etxebeste igeldoarra izan dira garaileak, eta harri jasotzen, berriz, Lierni Osa zarauztarra.
17:30ean hasi da ikuskizuna, eta harri jasotzen lau emakume lehiatu dira: Olaia Esnaola azpeitiarra, Goizeder Abendibar, Lierni Osa zarauztarra eta Ane Cestau. Txapela Osa zarauztarrak jantzi du, denera 124 jasoaldi eginda. Aldea atera die aurkariei, 113 altxaldi egin baititu Esnaola azpeitiarrak, 107 Abendibarrek, eta 105, berriz, Cestauk. 50 kiloko lau harri jaso dituzte: harri baldarra, zilindroa, kubikoa eta bola.
Honela gelditu da sailkapena harri bakoitzarekin:
Lehenengo mailako binakako aizkora lehian, berriz, sei partaide aritu dira, hiru bikote osatuta: Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Ugaitz Mugerza; Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Arkaitz Etxebeste igeldoarra –Jokin Urretabizkaia Basozabal-en partez– eta, Eneko Otaño beizamarra eta Xabier Zaldua.
Azkoitiarra eta igeldoarra izan dira bizkorrenak lanak amaitzen, 22:09,28 denborarekin; bigarren Larrañaga-Mugerza izan dira, bi minutu geroago, 24:59,10 denborarekin; eta hirugarren, berriz, Otaño-Zaldua, beste bi minutura, 26:05,78 denborarekin.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)