Txikia IV.a: "Etxebesterekin ariko nintzela jakin nuenean iruditu zitzaidan lehiarako bikote indartsua izan zitekeela"

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 11a, 16:30

Etxebeste (ezkerrean) eta Txikia IV.a (eskubian), Gipuzkoako Binakako Txapelketa irabazi berritan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Julen Alberdi Txikia IV azkoitiarrak eta Arkaitz Etxebeste igeldoarrak irabazi dute lehen mailako Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa. Azkoitiarra Jokin Urretabizkaia Basozabalekin aritzekoa zen atzo, baina hark izandako lesio bat tarteko, Alberdik Etxebesterekin elkarbanatu zituen lanak. Espero gabeko garaipena lortu zuen Txikia IV.ak Aian, eta dagoeneko ostiralean Donostian jokatu duen Urrezko Kopara begira dago. 

Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa irabazi duzu Arkaitz Etxebesterekin batera. Esperotakoa izan al da? 

Ez. Izan ere, izatez Jokin Urretabizkaia Basozabalekin aritu behar nuen txapelketan, baina hark izandako lesio bat tarteko ostiralean jakinarazi zuen ez zela lehiatuko. Hori dela eta, azken unean sortutako bikotea izan da Etxebeste eta nire artekoa. Aurrez harekin aizkoran aritu gabea nintzen, eta banekien ondo ari zela; izan ere, aizkolari berria den arren, esperientziadun zenbait baino lan hobea egiten ari da. Horren erakusle da Sunbillan (Nafarroa) irabazi izana [Iker Vicenterekin batera]. Etxebesterekin ariko nintzela jakin nuenean iruditu zitzaidan gurea lehiarako bikote indartsua izan zitekeela.

Egindako lanarekin gustura gelditu al zarete?

Bai, egindako lanarekin gustura gaude. Egurra askotarikoa egokitu zitzaigun, baina denbora oso ona lortu genuen. Egindako lanarekin aitzakiarik ez nuke jarriko; ondo moldatu ginen. Aurrez elkarrekin entrenatu gabe geuden, eta horrelakoetan akatsak ikusten dira, baina uste dut atzo ez genuela akats askorik egin, eta alde horretatik gustura gaude.

Duela gutxi itzuli zara Boiseko (AEB) Jaialdi ekitalditik. Tarterik izan al duzu txapelketarako prestatzeko?

Asteazkenean itzuli ginen Boisetik, eta ez dut prestatzeko denbora askorik izan, ez. Zuzenean erakustaldiak eta txapelketak izan ditugu. Dena den, uda sasoian zaila izaten da binakako entrenamenduak egitea, erakustaldi askoko garaia izaten baita. Bederatzi egun kanpoan igarota, oraindik eta zailagoa izan da itzulera. Gainera, bidaiako ordu aldaketak ere eragin dit. Hasierako egunetan eragin negatiboa nabaritu dut, baina pixkanaka ari naiz buelta ematen. 

Nola ikusi zenuten zuen burua eta nola gainerako bikoteak?

Oro har, bikote guztiek lan ona egin genuela esango nuke. Egia da gure bikotea indartsuagoa zela, baina, hala ere, hasieratik amaierara indartsu eusten saiatu ginen, eta lortu genuen. Beraz, indartsu ikusi ginen. Dena den, besteek ere lan ona egin zuten. 

Badirudi herri kirolariok ez duzuela oporrik, gelditu gabe baitzabiltzate ekitalditik ekitaldira eta txapelketatik txapelketara. Nekea nabaritzen al da? 

Bai. Uda garai honetan, herri kirol erakustaldi asko izaten dira, baita Gipuzkoako txapelketa garrantzitsu batzuk ere, banaka zein binaka; Sunbillakoa [Ramon Latasa Memoriala] eta Donostiako Aste Nagusiko Urrezko Kopa, esaterako. Erakustaldiak banaka zein binaka egiten ditugu eta horietan askotariko lanak egitea tokatzen zaigu; egurraren kalitatea ere desberdina izaten da. Beraz, nekea kontrolatzea zaila da garai honetan. Horrek txapelketetara baldintza onenetan ez iristea eragiten du zenbaitetan. Dena den, saiatzen gara errutina eta entrenamendua ahalik eta zuzenen eramaten. 

Dena den, aurtengo urtea emankorra ari da izaten zuretzat. Zer nolako baliorazioa egiten duzu orain artekoaz?  

Euskal Duatloia eta Gipuzkoako Binakako Txapelketa irabazi ditugu behintzat, eta ezingo naiz kexatu. Arantzaren bat gelditu bazait, Gipuzkoako banakakoak ihes egin izana da. Egun txarra izan nuen, sufritzea tokatu zitzaidan, baina hori ere badauka kirolak. Saiatuko naiz hurrengo txapelketekin arantza hori kentzen. 

Zein izango da hurrengo hitzordua eta zein hurrengo erronka?

Hurrengo txapelketa ostiralean dugu, Donostian: Urrezko Kopa. Han saiatuko gara ahalik eta lanik onena egiten eta ahal bada irabazten. 

Atsedenik izango al du Txikiak IV.ak?   

Abuztu amaieran zertxobait lasaitzen da erritmoa, eta ea orduan astebetez edo atseden hartzerik daukagun. Hala ere, Euskal Herriko txapelketak ere badatoz, eta urte amaierara bitarte askorik ezingo gara erlaxatu; aizkoran aritu edo ez, fisikoki zaindu beharra dago. Neguan lasaituko gara izatekotan, eta orduan utziko dugu gorputza indarberritzen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide