25 urte dira gaur, ETAk Joxe Mari Korta hil zuela

Julene Frantzesena 2025ko abu. 8a, 08:57

Joxe Mari Korta, artxiboko irudi batean. (Utzitakoa)

2000. urteko abuztuaren 8an, ETAk hil zuen Joxe Mari Korta arroarra, bere autoan jarritako bonba zartarazita. Zumaian kokatuta dagoen eta bera enpresaburua zen Korta lantegiaren atarian hil zuten. Adegiko presidentea ere bazen sasoi hartan. Kortaren oroimena bizirik mantetzeko eta haren balioak zabaltzeko Bidetik fundazioa eratu zuten, eta gaur bukatuko du fundazio horrek bere bidea.

Gaurko egunez, duela 25 urte, Joxe Mari Korta enpresari arroarra hil zuen ETAk, bere autoan bonba bat zartarazita. 12:20 aldean lehertu zen bonba autoa, eta 13:00 aldean hil zen Korta. 52 urte zituen eta Zumaia zuen bizileku. Herri horretan kokatuta dagoen eta bera enpresaburua zen Korta lantegiaren atarian, Gorostiagan, hil zuen ETAk, orduan Adegiko (Gipuzkoako enpresaburuen elkartea) presidente zena –1994tik zuen kargu hori–.

Korta hil eta urtebetera, 2001ean, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioa eratu zuten haren gertukoek, enpresariak gizartearekin zuen konpromisoa zabaltzen jarraitzeko. Halaber, Korta enpresa kokatuta zegoen industrialdeari Joxe Mari Korta izena jarri zioten hura hil eta hilabete batzuetara, 2000. urteko abenduan.

Atentatuaren urteurrenean elkarretaratzeak deitu izan zituen hainbat urtez Korta fundazioak, hura hil zuten tokian jarritako oroitarriaren aurrean, baina 2017an utzi zioten deialdiak egiteari; izan ere, ordurako baziren sei urte ETAk bere jarduna behin betiko utzi zuela eta fundazioak esan zuen "terrorismoaren amaierak panorama berri bat" ekarri zuela Euskal Herrira. Jexux Mari Mujika Kortaren laguna izan da fundazio horren bozeramailea gaurdaino. Gaur, hilketaren 25. urteurrenean, baina, fundazioak bidea amaituko duela iragarri du.

Kortaren aurkako atentatuan parte hartzea leporatuta, Ainhoa Gartzia, Ibon Etxezarreta eta Patxi Xabier Makazaga zigortu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horiei 25 urtetik gorako espetxe zigorrak jarri zizkien auzitegiak.

Kortaren memoria

Eusko Jaurlaritzak bizitzako edo enpresa ibilbidean nabarmendutako enpresaburuei Joxe Mari Korta sariak ematen dizkie 2000. urteaz geroztik. Iaz, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak beka programa jarri zuten martxan, Lanbide Heziketako ikasleei laguntzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide