26 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra onartu du Ainhoa Gartzia euskal presoak Joxe Mari Korta industrialari eta Adegiko presidente zenaren hilketan parte hartu izanagatik. Espainiako Auzitegi Nazionalean hasi dute gaur haren aurkako epaiketa, eta Gartziak onartu egin du Kortaren hilketan parte hartu zuela. Fiskaltzak, bere aldetik, 30 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen harentzako, baina aitortza dela medio, zigorra lau urte murriztea adostu du. AVTko abokatuak ere bat egin du eskaerarekin.
2000ko abuztuaren 8an hil zuen ETAk Joxe Mari Korta bere enpresaren aurrean, Gorostiagan, jarritako auto bonba baten bidez. Haren hilketak hautsak arrotu zituen Zumaian. Atentatu beragatik, ETAko beste bi kide, Ibon Etxezarreta eta Patxi Xabier Makazaga, zigortu zituen Auzitegi Nazionalak 2003. urtean, 25 eta 27 urteko kartzela zigorra ezarrita, hurrenez hurren.
Ainhoa Gartzia 2003an atxilotu zuten Frantziako hegoaldean, eta ordutik Frantziako eta Espainiako espetxeetan eman ditu urte gehienak. Azken bi urtetan Zaballako (Araba) kartzelean egon da espetxeratuta.