Traineru estropadarik ez da falta izan asteburu honetan. Euskotren, Eusko Label, KAE eta ETE ligetako estropadetan aritu dira eskualdeko klubak.
Eusko Label ligan, Hondarribiko bandera irabazi zuen atzoko Orioko San Nikolas ontzia. Gaur Gipuzkoako ertz batetik Bizkai aldera egin du salto ligak, eta Lekeition izan dute hitzordua. Bere txandan lehena izan da Orio, baina bigarrengo txandan aritu den Zierbenak denbora hobea egin du, eta hark eraman du bandera etxera. Segundo eta erdiko aldea besterik ez da izan bizkaitarren eta gipuzkoarren artean.
Eusko Label ligan baita ere, Getariak sendo jarraitzen du bigarren txandan. Atzo zazpigarren izan zen Hondarribian, eta gaur postu bat hobetu du sailkapenean, seigarren amaituz Lekeition.
Sailkapen orokorrean lehen postuan jarraitzen du Oriok, 116 punturekin, Zierbena (97) eta Donostiarraren (95) aurretik. Getaria, bere aldetik, seigarren da sailkapenean, 67 punturekin.
Herri bereetan jokatu dituzte Euskotren ligako estropadak ere. Larunbatean Hondarribian ezustekoa izan zen, Arraun Lagunakekin dominatzailea zen Orio bosgarren izan zelako. Gaur, Lekeition, erreakzionatzeko parada izan du, baita bandera irabazteko zorian egon ere. Azkenean, bigarren izan da, Arraun Lagunakekiko 66 ehunekora.
Zumaiarentzako asteburu positiboa izan da honakoa, Euskotren ligan. Aurreko jardunaldietan apal samar ibili eta gero, jokatutako bi estropadetan laugarren egin du, baita mailari eusteko aurkari dituen ontzian atzean utzi ere. Hamar puntu lortu dituzte saregileek bi estropada hauetan.
Sailkapen orokorrean Orio bigarren da, 68 punturekin, Donostiako traineruarengandik bost puntura. Zumaia, bestalde, laugarren da, 38 punturekin.
Eusko Label eta Euskotren ligek Galizian izango dituzte hurrengo bi hitzorduak, A Pobra de Caramiñalen zapatuan, eta Boiron igandean, biak ere Arousako itsasadarrean.
KAE eta ETE ligak
ETE eta KAE ligetako estropadak ere jokatu dituzte asteburu honetan. Atzo, Ondarroan, ETE eta KAE 2 ligetako estropadak izan ziren jokoan. Emakumeetan, Zarauzko Enbata bigarren izan zen, San Juanen atzetik. Sailkapenean, Zarautz da lider, 92 punturekin, baina San Juan puntu bakarrera du bigarren postuan.
KAE 2 ligako estropada ere izan zuten atzo Ondarroan. Orioko B ontziak beste bandera bat irabazi du, eta ligako lidergoan sendo jarraitzen du, Hibaikaren aurretik.
Gaur, berriz, Hondarribian jokatu dute KAE 1 ligako estropada. Zarautz hirugarren izan da, Santurtzi eta Arkoteren atzetik, eta Zumaia bosgarren, sentsazio onak berreskuratuz. Sailkapenean hirugarren da Zarautz, eta zazpigarren Zumaia.