Asteburu ia-ia borobila izan da pasatakoa Orioko ontzientzat

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 28a, 15:35

Orioko arraunlariak, igandean egindako harrera ekitaldian.

Jokatutako lau banderetatik hiru irabazi dituzte Orioko traineruek, bi gizonetan eta bat emakumeetan. Zarautz banderak irabazteko gertu egon da KAE1 eta ETE ligetan

Asteburu borobila izateko gutxi falta izan zaio Orioko Arraunketa Elkarteari, Eusko Label eta Euskotren ligen artean jokoan izandako lau banderetatik hiru irabazi dituelako.

Eusko Label ligako bi arraunketa saioak irabazi dituzte oriotarrek pasa den asteburuan. Getxoko Estropaden XLVII. Ikurriña izeneko bandera izan zen jokoan larunbatean, eta aise irabazi zueen estropada Gorka Aranberrik gidatutako eskifaiak. Hasieratik buruan joan zen San Nikolas ontzia, eta helmuga puntuan hamalau segundoko aldea atera zion Oriok bigarren egin zuen Zierbenari, eta hemezortzi hirugarren sailkatu zen Donostiarrari.  

Justu azken traineru hori izan zuten aurkari zuzena igandean Castro Urdialesen (Espainia) jokoan izan zen XIII. Caixabank banderan. Bezperan Getxon (Bizkaia) ez bezala, donostiarrek gauzak estu jarri zizkieten oriotarrei. Lehen ziabogan aurretik eman zuen buelta Donostiarrak, eta itzulerakoan Oriok buruan jarri bazen ere, aldea ez zen inoiz traineru batetik pasatu. Estropada amaieran, Orio izan zen lehena, Donostiarrarekiko hiru segundoko aldearekin. San Juan izan zen estropa horretan hirugarren. 

Asteburu «oso-oso borobil» gisa definitu du San Nikolas traineruko patroi Gorka Aranberrik, «bi banderak lortuta eta aurkariari, larunbatean genituen zortzi puntuko aldea jardunaldi bakarrean hamaseira arte bikoiztuta». Denboraldiko herena jokatuta gauzak alde badituzte ere, ez du Aranberrik triunfalista jarri nahi, edozein unetan gauzak okertu daitezkeelako. «Oraindik ez da liga erdia pasatu, eta horregatik, ezin da esan ezer erabakita dagoenik, oraindik estropada eremu oso zailak tokatzen direlako itsaso zabalean, kaleen artean alde handiak dauden eremuekin». 

Zortzi estropada jokatuta, sei bandera irabazi ditu dagoeneko Oriok eta lider sendoa da, 93 punturekin. Bigarren den Zierbenak 77 puntu ditu, eta Donostiarra da hirugarren 75ekin.

Hiugarrena, emakumeek

Eusko Label ligan baita ere, Getaria egonkortu egin da seigarren postuan, 54 punturekin. Zazpigarren izan zen Esperantza trainerua Getxoko hitzorduan. Igandean, berriz, Kantabriako uretan, bosgarren postu bikain bat eskuratu zuten. 

Euskotren ligan lortu zuen Oriok asteburuko hirugarren bandera. Igandean izan zen, Castro Urdialesen, eta ondoren gizonekin gertatuko zen bezala, oriotarren eta donostiarren arteko borroka izan zen. Kasu honetan, Arraun Lagunak trainerua izan zuen oriok aurkari, eta alde txikiarekin izan bazen ere, Kantabriako herri horretako bandera astintzeko aukera izan zuten Oriokoek. 

Bezperan, Getxon, hirugarren egin zuen Oriok, Arraun Lagunakek irabazitako estropadan. Bigarren postuan Tolosaldea sailkatu zen. Zortzi estropada jokatuta, puntutara berdinduta daude Arraun Lagunak eta Orio, 57 punturekin. Hala ere, Donostiako taldea dago lehen postuan, orain arte jokatutako estropadetan bandera gehiago irabazita. 

Zumaiarentzako ez da pasatakoa astebururik onena izan, hiru puntu besterik gehitu ez dituelako. Larunbatean Getxon seigarren izan ziren, eta zazpigarren igandean Castro Urdialesen. Bosgarren jarraitzen dute saregileek Euskotren ligako sailkapen nagusian, 28 punturekin. Aurretik du Hibaika 31 punturekin, eta atzetik Astillero 25ekin. 

KAE1 eta ETE ligetako estropadak ere lehiatu ziren. Gizonetan, Zaruzko Enbata bandera irabaztetik hurbil izan zen igandean Santurtzin (Bizkaia). Lehia bizia izan zuten azken unera arte Arkotek eta Zarautzek, eta bizkaitarrek traineru bateko aldearekin irabazi zuten. Bezperan, Pedreñan (Espainia), zortzigarren egin zuten urdinek. Sailkapenea hirugarren da Zarautz.

Larunbatean Pedreñan zazpigarren izan zen Zumaia kanporatua izan zen igandean Santurtzin, epaileen ustez Astillero abordatzeagatik. Klubak helegitea aurkezteko asmoa azaldu du. Sailkapenean zazpigarren da Zumaia.

ETE ligan estropada bakarra jokatu zen asteburuan, igandean Santurtzin egindakoa, eta Zarautz bigarren izan zen. Hala ere, salilkapeneko buruan jarraitzen dute urdinek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide