Asteburuan Orion eta Zarautzen izan dira estropadetako batzuk, eta zaleek bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte beren ontziak. Bi herrietan zale ugari elkartu zen, batez ere igandean Orion, eta bandera festa bikainaz gozatu ahal izan zuten, traineruek irabazitako lau banderetatik hiru Orioko uretan irabazi dituztelako.
Larunbatean Zarautzen Gesalaga Okelan Bandera jokatu zuten KAE1 ligakoek, eta Orion, berriz, Hernaniko bandera izan zuten jokoan ETE ligakoek, eta Orio Kanpina bandera, KAE2ligakoek. Erlojuaren kontrako estropadak izan ziren guztiak, eta eskualdean gelditu zen hiru banderetako bat; ETE ligakoa. Zarautz gailendu zen, izan ere, Orioko errioan. Zarauzko estropadan, berriz, San Pedrorentzat izan zen garaipena, baina etxekoak fin ibili ziren, eta beren txanda irabazita, hirugarren egin zuen Zarautzek KAE1 ligako zapatuko jardunaldian. Zumaia, berriz, hamargarren sailkatu zen.
Bai Zarautzen, bai Orion, eguerdi partean zale ugari elkartu zen estropada eremu inguruan arrauneko lehiaz gozatzeko.
Ohi bezala, larunbatean arratsaldez jokatu zituzten lehiak Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziek. Pasai Donibanen zuten hitzordua, eta Orioko ontziak bigarren izan ziren erlojuaren kontrako estropadetan, biek ere estropada onak eginda. Eusko Label ligan Getariak lere lan oso ona egin zuen, eta igandean ohorezko txandan aritzeko txartela eskuratu zuen. Alderantzizkoa gertatu zitzaion Zumaiari Euskotren ligan: ohorezko mailatik kanpo gelditu zen Pasaian, Hibaikak aurre hartu baitzion.
Harrera berezia Orion
Atzo, berriz, Orion, oraingoan itsasoan, jokatu zituzten lehiak Eusko Label eta Euskotren ligetan, eta bietan Oriorentzat izan ziren 13. Orio Kanpina banderak. Itsaso zakarrarekin eta haizeak baldintzatutako estropadak izan ziren, eta etxekoek dotore erantzun zioten egoerari. Emakumezkoek ligako aurreneko bandera lortu zuten, aurreko bost jardunaldietan bigarrenak izan ondoren. Gizonek, berriz, urte askoan aurreneko aldiz eskuratu zuten etxeko bandera, aurkariei minutu erdiko tartea aterata, gainera.
Ez ziren izan, ordea, oriotarrek atzo eskuratu zituzten bandera bakarrak, Orio B-k ere bandera eraman baitzuen etxera Portugaleteko (Bizkaia) lehiatik. Hala, iluntzean harrera berezia egin zieten oriotarrek herriko hiru traineruei, eta udaletxean ezohiko irudia ikusi zen: hiru traineruetako kideak aldi berean bandera bana astintzen.
Eskualdeko gainerako ontziei dagokienez, Zumaiako emakumezkoak seigarren izan ziren atzo Orion, eta Getariak zortzigarren egin zuen gizonezkoen lehian. Postu berean sailkatu ziren atzo Gorlizen (Bizkaia) KAE1 ligan Zumaiako mutilak. Zarautzek, berriz, larunbateko emaitza errepikatu zuen, eta hirugarren izan ziren.
Azkenik, ETE ligan, Zarautz bigarren izan zen Portugaleteko lehian. Banderak segundo bakarragatik ihes egin zien. Bezperako garaipenagatik, hori bai, merezitako harrera egin zieten atzo herrian.
Oriotarren eta getariarren balorazioak
Larunbatean laugarren eginda, taldearen lanarekin gustura zen atzo goizean Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidentea. "Gustura gaude larunbateko estropadarekin; ez genuen halako emaitzarik espero, eta oso pozik gaude alde horretatik, beti nahi izaten delako ohorezko txandan jokatzea". Bestalde, igandeko estropadan "itxura emateko gai izatea" espero zuen, traineru onenekin batera lehiatu behar izateaz gain, "itsaso zakarrarekin deskuidatzen denak emaitza txarrak izateko arriskua baitu".
Asteburua igarota, sailkapen orokorrean seigarren dira getariarrak, zazpigarrenari puntu dezenteko aldea aterata, gainera, baina Goikoetxeak zuhurra izan nahi du, "liga hasi besterik ez delako egin". Asteburuero dena eman behar dela iritzi diou, "edozeinek eman dezakeelako mina".
Asteburuko protagonistetako beste bi izan dira Orioko gizonezkoen eta emakumezkoen entrenatzaileak; Iker Zabala eta Patxi Frances, hurrenez hurren. Zabalak asteburuko balorazio "ona" egin du, eta "oso-oso pozik" dagoen arren, bere ustetan "ez da izan perfektua", horretarako jokoan ziren bi banderak irabazi behar zituelako Oriok. Aitortu du ez daudela kexatzeko, "joan den asteburutik puntu gehiago atera dizkiogulako sailkapeneko bigarrenari", baina era berean, "banderak garesti" daudela nabarmendu du.
Hori bai, aho bizarrik gabe hitz egin du ligari buruz dituen aurreikuspenez: "Sei banderatatik lau irabazi ditugu, liga hasiera oso ona da, eta uste dut liga irabazteko hautagai sendoa garela".
Asteburuko estropadei dagokienez, larunbatean Zierbena gehiago izan zela uste du Zabalak, eta bere taldeak, berriz, egin zuela akats bat edo beste. Atzokoan, berriz, lau arraunlari "fresko" sartu zituen traineruan, eta taldeak itsasoan ondo arraun egiten asmatu zuela azaldu du. "Beti izan dugu duda ea itsaso zakarrarekin nola ibiliko ginen, eta erakutsi dugu bai itsasoan, bai errioan, ondo moldatzen garela, eta liderrak garela, eta zerbaitegatik garela", esan du, argi.
Atzokoa "egun berezia" izan zela azpimarratu du neskek ere estropada irabazi eta lider jarri zirelako, eta bigarren ontziak ere bandera lortu zuelako: "Hiru traineruak liderrak gara gure ligetan, eta uste dut horrelako gauzak gutxitan gertatzen direla. Harreran plazan sortu zen giroak erakusten du jendea irabazteko gosez dagoela, eta zaleei eskerrak eman nahi dizkiet halako babesa erakustearren; guretzat oso-oso garrantzitsua da halako berotasuna sentitzea, eta ea denon artean Orio punta-puntara eramaten dugun".
Frances ere gustura da igandeko estropadarekin, hainbeste borrokatutako bandera eskuratu ondoren. "Ez zen estropada erraza, baina nahikoa ondo moldatu gara estropadara. Irteera ona egin dugu, Tolosaldearekin parean, eta haiei jarraitzea lortu dugu ziabogara arte, haiek estropada apurtzera atera baitira. Ziabogara bentaja txiki batekin iritsi gara arraunean luze eta ondo eginda. Ziaboga oso ona egin dute taldeak eta Maiderrek, eta bueltakoan lehenengo kaletik egitea erabaki dugu, aukera onena zelakoan".
Francesek nabarmendu du igandeko estropada larunbatean hasi zela, "han sentsazio onekin ibili ginen, eta etxeko lehian ikusi da sentsazio horiek benetakoak zirela".