Euskotren eta Eusko Label arraun ligetako bigarren asteburua izan da igaro berri dena. Larunbatean, Donostian izan zuten arraunketa saioa, eta igandean, Zierbenan (Bizkaia). Lehen asteburuko hitzorduak errioan izan ziren, baina oraingo honetan itsasoan egin behar izan dute kirolariek arraun.
Aurreikuspenen arabera, Oriok izan behar zuen Eusko Label ligako dominatzailea, eta denboraldi hasieran jarritako helburuak betetzen ari da San Nikolas trainerua. Larunbatean Donostian itsaso makurrarekin jokatutako Fabrika Banderak ihes egin zien Orioko arraunlariei –Donostiarra izan zen irabazlea, eta Orio hirugarren izan zen–, baina egun bat geroago, Zierbenako uretan, denboraldiko hirugarren bandera astintzeko gai izan zen Gorka Aranberrik gidatzen duen eskifaia. Hasieratik aurretik joanda, lehen ziabogaren ondoren aldea zabaldu zuten Oriokoek, eta bigarrenarekiko bost traineruko aldearekin heldu ziren amaierara, 19:56,18 denbora eginez. Bigarren Zierbena izan zen, hamabost segundora, eta hirugarren Hondarribia, hamasei segundora.
Asteburuko balorazio ona egin du Orioko arraunlari Jon Lizarraldek. Larunbatean, Donostian, itsasoaren baldintza zailetan beraien lana "ondo ez" zutela egin onartu du. "Ez ginen ondo moldatu, ez genuen disfrutatu", esan du Lizarraldek, eta zer hobetu badutela gaineratu du. Igandean, berriz, "gozatu" egin zutela azaldu du. Indartsu ateratzea nahi zuten igandean, eta, Lizarralderen esanetan, larunbatean lortu ez zutena lortu zuten hurrengo egunean. Behin estropada hautsita, bigarren zatia "gozamena" izan zela dio arraunlariak.
Eusko Label ligan, baita ere, Getariak ezin izan zuen larunbatean ohikoa duen arraunketa erakutsi, eta zortzigarren sailkatu zen. Igandean bai, igandean hobeto aritu zen Esperantza, eta bosgarren sailkatu zen. Bere txandan bigarren geratu zen, Hondarribiaren atzetik, baina ohorezko txandan aritu zen Donostiarrak baino denbora hobea egin zuen.
Lau estropada jokatuta, sailkapenean lider da Orio, 46 punturekin; Zierbenak baino lau puntu gehiagorekin. Getaria, bere aldetik, seigarren da, 26 punturekin.
Bi bigarrengo
Euskotren ligako estropadak ere jokatu dituzte pasa berri den asteburuan, Donostian zein Zierbenan, eta bietan ere bigarren izan da Orioko trainerua. Larunbatean, itsaso mugituarekin, Tolosaldeak errezitaldia eskaini zuen, eta denboraldiko lehen bandera jaso zuen, Orioren eta Arraun Lagunaken aurretik helmugaratuta. Zierbenan, berriz, lehen bi jardunaldietan gertatu bezala, Arraun Lagunakek irabazi zuen estropada, Orioren aurretik.
Zumaiak, bere aldetik, beste sei puntu bildu ditu. Bosgarren izan zen larunbateko arraunketa saioan, eta zazpigarren igandean.
Igandeko arraunketa saioa saregileentzako larunbatekoa bezain ona ez zela izan onartu du klubeko presidente Iñaki Aristik. "Azken postua saihestea lortu dute Hondarribiari ateratako ehunekoei esker. Dena den, aurreko biak, bai Astillero eta bai Hibaika, ehunekoetara geratu zaizkie", adierazi du. Ligan "antzerako maila" dagoela uste du Aristik. "Gauzak oso estu daude, eta xehetasun txikienak ere postu asko erabakitzen ditu".
Ligako sailkapenean bigarren da Orio, 28 punturekin, lider den Arraun Lagunakengandik bi puntura. Zumaiak laugarren jarraitzen du, 16 punturekin, baina Hibaika puntu bakarrera dago.
Garaipena hurbil
ETE eta KAE ligetako estropadak ere jokoan izan dira asteburuan. Larunbatean, Plentzian (Bizkaia), KAE1 ligako Plentziako ikurrina jokatu zuten, eta Zumaiak aurreko asteburuko emaitza ahaztu eta sentsazio onak berreskuratu zituen. Bigarren izan zen Telmo Deun, estropadaren une batzuetan buruan joan eta gero. Santurtzik irabazi zuen bandera, Zumaiari hamar segundo aterata. Estropada berean, Zarautz seigarren izan zen.
Sailkapenean Santurtzi da lider, 65 punturekin. Zarautz hirugarren da, 54 punturekin, eta laugarren Zumaia, 51rekin.
Gizonetan, baita ere, baina KAE2 mailan, Orio B bigarren izan zen zapatuan Laredon (Espainia), Errenteriako (Gipuzkoa) Hibaikaren atzetik. Sailkapenean lider jarraitzen dute Oriokoek.
ETE ligari dagokionez, Lekeition (Bizkaia) izan zuten lehia Zarauzko Enbata traineruko arraunlariek. I. Burdinola bandera izan zuten jokoan, eta Zarauzkoek ezin izan zuten errepikatu astebete lehenago Zumaian lortutako garaipena. Hirugarren izan ziren, Kaikuren eta San Juanen atzetik.
Sailkapenaren buruan jarraitzen dute urdinek, 68 punturekin, San Juanen eta Kaikuren aurretik.