Zarautz eta Zumaia goiko postuetan lehian ibili dira ETE eta KAE1 ligetako estropadetan

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 30a, 10:58

ZAEko gizonezkoak. (Intza Trula)

Emakumezkoetan, San Juanek hartu dio aurre Zarautzi, bi banderak eskuratuta. Gizonezkoetan, Santurtzi liderrarekin lehian aritu da Zarautz, eta Zumaia lau onenen artean ibili da. Datorren asteko hitzorduetako bat Zumaian izango da.

Larunbatean Donibane Lohizunen (Lapurdi) jokatu zituzten ETE eta KAE1 ligetako estropadak, eta emakumezkoetan Zarautz oso ondo ibili den arren, asteburu honetan ezin izan du aurrekoa berdindu: banderarik gabe etorri ziren etxera Enbatakoak, biak San Juanek eraman baititu oraingoan.

Lehia ezin estuagoa egon zen larunbatean bi taldeen artean, eta segundo bakarragatik ez zuen lortu bandera Zarautzek. Gainerako traineruei alde handia atera zioten, gainera. Igandean ere bigarren egin zuen Zarautzek, baina Portugaleteko itsasadarrean bentaja handiagoa atera zion San Juanek, bederatzi segundo, eta gainera, hirugarren ontzia ere gertu izan zuten zarauztarrek; segundo eskasera iritsi zen, izan ere, Kaiku.

Sailkapen orokorrari begiratuta, berdinduta daude Zarautz eta San Juan, biak 34 punturekin, bina bandera irabazi baitituzte. San Juan da lider, hala ere. Ea hurrengo asteburuan zer gertatzen den.

Gizonezkoei dagokienez, larunbatean ere bandera Santurtzik eraman zuen, eta eskualdekoak fin ibili ziren goiko postuetan lehian: Zarautzek segundo erdi batengatik ez zuen bigarren postua eskuratu –Arkotek hartu zion aurrea–, eta Zumaiak lehia bizi-bizia izan zuen Zarautzekin nahiz Astillerorekin. Laugarren postua eskuratu zuen Telmo Deunek, ehuneneko batzuengatik aurre hartuta Astillerori. Zarautzengandik bi segundora baino ez zen gelditu, gainera.

Igandean ere antzekoa gertatu zen Portugaleteko itsasadarrean: bandera Santurtzirentzat izan zen –orain arte jokatutako guztiak irabazi ditu–, eta Zarautzek lan bikaina egin, eta bigarren helmugaratu zen, Astillerori hamabost segundoko tarte ederra aterata. Zumaiak ere estropada ona egin zuen, eta ehuneneko batzuengatik galdu zuen hirugarren postua; Astillerok hartu zion aurre justu-justu. 

Hurrengo asteburuan, Zumaian

Datorren asteburuan bi hitzordu izango dituzte ETE ligako traineruek, eta bakarra, KAE1ekoek. Azken horiek eskualdean jokatuko dute estropada, Zumaian. Igandean izango da hitzordua, uztailaren 6an.

ETE ligakoek, berriz, larunbatean ere izango dute estropada, Sestaon (Bizkaia), 10:30ean hasita. Igandean, berriz, 11:00etan hasiko dute Zumaiako norgehiagoka, eta KAE1ekoek, berriz, 12:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide