Bigarren bandera ere, etxera

Onintza Lete Arrieta 2025ko eka. 22a, 14:37

ETE ligako bigarren estropada jokatu dute gaur eguerdian Pasaian (Gipuzkoa), eta lehia biziki gogorra izan dute zarauztarrek San Juango traineruarekin. Bandera Enbatarentzat izan da, eta asteburuko bi banderak ospatzeko 19:00etan kalejira egingo dute Lege Zaharren enparantzatik hasita. Ondoren, harrera egingo die Zarauzko Udalak.

Pasaian (Gipuzkoa) jokatu dituzte gaur eguerdian ETE eta KAE1 ligetako bigarren jardunaldiak, eta Zarautz Arraun Elkarteko neska-mutilak bikain aritu dira gaur ere, baita Zumaiako gizonezkoak ere. Neskek bigarren bandera etxeratu dute, lehia ezin estuago bat jokatu ondoren San Juanekin. Pare-parean heldu dira helmugara, baina zarauztarrei 11:16:25 denbora eman diete, eta sanjuandarrei, berriz, 11:16:40.

Zarautz izan da bizkorrena estropadaren aurreneko zatian, baina lehenengo ziabogan akatsa egin, eta bentaja ia guztia galdu du. Hala ere, burua hotz mantendu, eta ez dute etsi. Hala adierazi dio ETB1i Nahikari Osa zarauztarren patroiak ere: "Oso estropada zaila izan da, baina burua erabiltzeko esan diet neskei, eta lehenengo ziaboga ona izan ez den arren, badakigu arraunean oso ondo egiten dugula, eta burua hotz mantendu dugu eta ez dugu etsi".

Hasiberri den denboraldiaren helburuez ere mintzatu da Osa: "Helburua play-offa jokatzea izango da. Badakigu zaila dela San Juan hor dagoelako, baina gu helburu horretara iristen saiatuko gara".

Gaurko estropadako sailkapenari dagokionez, Deusto izan da hirugarren (11:36.38), Kaiku laugarren (11:42.50), Ondarroa bosgarren (11:42.84), Portugalete seigarren (11:48.18), Hernani zazpigarren (11:54.97), Isuntza zortzigarren (11:55.93), eta Camargo, berriz, bederatzigarren (12:20.93).

Gizonezkoen estropadan, ohorezko txandan lehiatu dira gaur Zarautz eta Zumaia. Atzo lan bikaina egin zuten, bereziki Zumaiak, bigarren postua lortu baitzuen horrek. Arkote eta Santurtzirekin aritu dira ohorezko txandan. Gaurkoan, ordea, sekulako borroka egon da txanda guztien artean, eta eskualdekoak bosgarren eta seigarren izan da sailkapenean. Estropada Santurtzik irabazi du gaur ere, baina bigarren eta laugarren postuetan ohorezko txandatik kanpoko bi talde gelditu dira: Lapurdik egin du bigarren denbora onena, eta San Pedrok, laugarrena. Hirugarren postua Arkoterentzat izan da, bosgarrena Zumaiarentzat, eta seigarrena, azkenik, Zarautzentzat.

Eskualdeko biak oso fin hasi dira lehian, baina gero Santurtzi eta Arkote baino atzerago gelditu dira, eta azkenean, sekulako norgehiagoka izan dute beren artean Zumaiak eta Zarautzek.

Honela gelditu da gizonezkoen gaurko sailkapena:

Kalejira eta harrera

Denboraldiko aurreneko bi banderak etxeratuta, herritarrek eta Zarauzko Udalak harrera egingo die gaur Enbatako neskei. 19:00etan jarri dute hitzordua. Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, kalejira egingo dute aurrena: San Frantzisko kalera joango dira, handik Kale Nagusira, gero Musika Plazara, Zigordia kalera, eta azkenik, udaletxera igoko dira, han udalaren aitortza jasotzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide