Zarautz Gesalaga Okelanek bikain hasi du ETE liga, bandera etxera ekarri baitute neskek gaur eguerdian Astillerotik (Espainia). Erlojuaren aurka aritu dira ontziak, eta 10:57:82 denbora markatu dute zarauztarrek, bi ziabogetan ere denbora onenak eginda, eta zazpi segundoko aldea atera diote bigarren izan den San Juango ontziari – 11:04:58 denbora egin du horrek–. Gainerako ontziak segundo askora helmugaratu dira; hirugarren egin duen Kaiku, esaterako, hogei segundora –11:17:83–.
Eskualdeko gizonezkoek ere fin hasi dute KAE1 liga, zumaiarrek bigarren eta zarauztarrek laugarren egin baitute emakumezkoen estropada eremu berean, horiek ere erlojuaren aurka. Hiru ontzi helmugaratu dira hiru segundoren barruan: Zumaia 20:22:82 denborarekin, Arkote 20:25:00 denborarekin, eta Zarautz, 20:25:97 denborarekin. Bandera Santurtzik lortu du, besteei alde handixeagoa aterata, 20:13:46 denborarekin.
KAE1 ligako estropadaren aurretik jokatu dute KAE2 ligakoa, eta han, Orio B ontzia hirugarren izan da. Sei talde ibiliko dira aurten ligan nor baino nor, eta aurreneko estropadan Hibaika nagusitu da, 20:49:84 denborarekin. Portugalete izan da bigarren 21:12:22 denbora eginda, eta Orio hirugarren, 21:15:86 denborarekin. Oriotarrek segundo mordoa atera diete, gainera, laugarren ontziari, Busturialdeari, 21:47:05 denbora egin baitu horrek.
Bihar, Pasaian
Gaurko emaitzek utzitako sentsazio onekin joango dira zumaiarrak eta zarauztarrak biharko hitzorduetara, bigarren jardunaldiak jokatuko baitituzte Pasaian (Gipuzkoa) ETE nahiz KAE1 ligetan. Emakumezkoek Adinberri Bandera-XII. Pasaiako Ikurrina jokatuko dute, 11:45ean hasita. Linean jokatuko dute estropada, hiru kaletara, hiru luzerekin.
Ondoren, gizonen II. Adinberri Bandera-40. Pasaiako Ikurrina izango da jokoan. 12:35ean hasiko da lehia, eta estropada hori ere linean izango da, lau kaletara, sei luzerekin.
KAE2koentzat, bigarren jardunaldia datorren astean izango da, larunbatean, San Pedro bezpera, Errenterian (Gipuzkoa), 17:30ean hasita.
Euskotren eta Eusko Label ligak, berriz, uztailaren 5ean abiatuko dira, Bilbon. Hantxe ariko dira aurten Orioko eta Zumaiako neskak, eta Getariako eta Orioko mutilak.