Arraunzale askok esperotako unea heldu da. Asteburuan emango dituzte lehen paladak KAE eta ETE ligetan arituko diren traineruek. Eusko Label eta Euskotren ligak hasteko oraindik zertxobait zain egon beharko da: bi aste barru hasiko dira lanean traineruen lehen mailan arituko diren ontziak.
Negu gorrian egindako gimnasio lanak uretan probatzeko aukera izan dute arraunlariek neguan eta udaberrian egindako jaitsiera, test eta estropadetan. Liga hasi aurretik, inoiz baino goizago, Gipuzkoako txapelketan aritu dira eskualdeko eskifaiak, eta haietarako lekua lortuz gero behintzat, Euskadiko eta Espainiako traineru txapelketan ere bai. Estropada horietan aritzea garrantzitsua izanda ere –are eta gehiago garaipenak lortuta–, denek ligara begira zuten jarrita mira.
Eta heldu da unea. Bihar eta igandean traineru munduko bigarren eta hirugarren mailetako lehen hitzorduak izango dituzte. Bihar, Astilleron (Espainia), ETE, KAE 1 eta KAE 2 ligetako arraunketa saioak izango dira. Real Astillero de Guarnizo bandera jokatuko dute: 21. edizioa gizonetan eta laugarrena emakumeetan. 12:00etan izango da emakumeen ETE ligako estropada, 12:30ean gizonen KAE 2koa, eta 13:00etan KAE 1ekoa. Erlojupeko estropada izango da Kantabriako herrian jokatuko dutena.
Igandean, berriz, Pasaian (Gipuzkoa) arituko dira traineruak lanean. Kasu horretan, ETE eta KAE 1 ligetako estropadak izango dira. Emakumeek Adinberri Bandera-XII. Pasaiako Ikurrina jokatuko dute, 11:45ean hasita. Linean jokatuko dute estropada, hiru kaletara, hiru luzerekin. Ondoren, gizonen II. Adinberri Bandera-40. Pasaiako Ikurrina izango da jokoan. 12:35ean hasiko da lehia, eta estropada hori ere linean izango da, lau kaletara, sei luzerekin.
Eskualdeko ontziak
Zarauzko, Zumaiako eta Orioko arraunlariak ariko dira asteburu honetako lehen hitzordu horietan. Zarautzek ontzi bana aterako du ETE eta KAE 1 ligetan, Zumaiak gizonena KAE 1en, eta Oriok bere B ontzia, gizonetan, KAE 2 ligan.
Zarautz Arraun Elkarteari dagokionez, emakumeen Enbata-k izan ditu sentipen onenak denboraldi aurrean. Hirugarren egin du Gipuzkoako txapelketan, laugarren Euskadikoan eta bosgarren Espainiakoan. Orotara, zarauztarrek denboraldi berrirako jarritako helburua goiko postuetan ibiltzea dela adierazi zuten pasa den igandean Zarauzko Musika Plazan egindako aurkezpenean. Emakumeen kasuan, banderen borrokan ibiltzeko aukerak daudela uste dute. «Umil-umil estropada guztietan lehiatu eta arraun egiten badute, emaitzak etorriko dira». Gizonetan, iazko denboraldia hobetzea izango dute helburu.
Zumaia gizonen Telmo Deunekin arituko da. Iazko denboraldi gazi-gozoaren ondoren –aspaldiko denboraldi onena eginda, bulegoko akats batek utzi zituen play-off-etik kanpo–, aurten entrenatzaile berria izango dute: Rufo Urtizberea. Haren esanetan, xehetasunek erabakiko dute aurtengo liga, eta xehetasun guztiak «findu» beharko dira emaitza onak lortzeko.
Orioren B ontziak iaz maila galdu zuen, eta aurten KAE 2 ligan arituko da. Sei ontzi bakarrik arituko dira aurten hirugarren mailan, eta gauzak ondo eginda, igoera esku artean izan dezakete.
Lehen maila, uztailaren 5ean
Uztailean hasiko dituzte Eusko Label eta Euskotren ligak. Hilaren 5ean Bilbon izango dituzte estropadak, errioan, eta egun bat geroago, igandean, Sestaon (Bizkaia), itsasoan. Liga bakoitzean eskualdeko bina ordezkari izango dira: Orio eta Getaria Eusko Label ligan, eta Orio eta Zumaia Euskotren ligan. Ikusteko dago zer ekarriko duen aurtengo denboraldiak.