Urola Kostako herrietan barrena dabiltz gaur Olentzero eta Mari Domingi. Aurreko egunetan eskualdeko hainbat herri eta auzo ere bisitatu dituzte, Errezil, Aia eta Beizama besteak beste. Gaur, berriz, eguerdian iritsi dira Azpeitira eta Azkoitira, eta Zumaian Gomezagoren laguntza ere izan dute. Eguraldi makurra egin arren, haurrekin izan dira batean eta bestean. Arratsaldean, berriz, Aizarnazabal, Zestoa eta Zarautzen ibiliko dira.
AIA
Joan den ostiral arratsaldean izan ziren Aian Olentzero eta Mari Domingi; asto gainean iritsi ziren eta harrera beroa egin zieten haurrek nahiz helduek.
AZKOITIA
Elur zuri-zuririk ez, baina lanbroa bizi-bizi bai. Aurtengo Gabon eguna bustitik esnatu da, eta Olentzero eta Mari Domingi aterpe bila iritsi dira gaur Azkoitira.
AZPEITIA
Eguraldi txarra tarteko, aurten kalejirarik gabe hartu dituzte gaur, Gabon egunez, Olentzero eta Mari Domingi Azpeitian, Azoka Plazan egindako ekitaldian.
BEIZAMA
Beizaman igandean, abenduaren 22an, izan ziren Olentzero eta Mari Domingi. Mendian barrena iritsi ziren astoarekin batera, eta udaletxearen azpian egin zuten geldialdia. Han herritar ugari zituzten zain, eta horiek agurtu zituzten bi ikazkinek. Ondoren, Natur Eskolara joan ziren, eta han hitzartze bat egin ostean, gozokiak banatu zizkieten herriko haurrei.
ERREZIL
Errezilen ostiral goizean izan zituzten bisitan Olentzero eta Mari Domingi. Goizeko hamarrak aldera iritsi ziren San Martin herri eskolaren atarira, eta gero, berriketan jardun zuten ikasle eta irakasleekin. Ondoren, Eguneko Zentroko erabiltzaileak bisitatu zituzten.
Gaur, berriz, Gabon eskean atera dira haur eta heldu, Guraso Elkarteak antolatuta.
GETARIA
Eguraldi txarra iragarrita zegoela eta, Harritartetik Berdura plazara lekualdatu zuten Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera ekitaldia. Ohi bezala, herritar mukuru elkartu da haiek bertatik bertara ikusteko, baita gutunak emateko ere. Aurten ere, euskal mitologiarekin bat eginik, ez dira falta izan gure arbasoen elezaharretako pertsonaiak: Tartalo, Mari, Akerbeltz, Lamia eta Basajaun, esaterako.
ORIO
Euripean eta herritarren berotasunean iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Oriora. Eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, harrera beroa egin diete herritarrek. Lera elkarteak eta Orioko Udalak antolatuta egin dute ekitaldia, eta urtero bezala, ikusmina piztu du.
ZARAUTZ
Eguraldi petrala izan da nagusi egun osoan, baina horrek ez du bertan behera utzi Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako festa Santuiturri plazan. Puzgarriak salbu, eskulan txokoa, txistorra jana eta herri kirol erakustaldiaz gozatu dute eguerdian.
Arratsaldean, trikitilarien laguntzarekin, Olentzerok eta Mari Domingik ere agerian utzi dute euria ez dela beraientzako oztopo, eta lasai antzera etorri dira, herriko haurren gutunak jasotzera. Ohi bezala, auzoan egin dute geldialdia, eta banan-banan artatu dituzte etxeko txikienak, besarkada beroak emanez eta goxokiak banatuz
ZESTOA
Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita ostiralean jaso zuten Arroabean, eta kalejira egin zuten haurrek eskolatik auzoko plazaraino.
Zestoako herrigunera, berriz, gaur arratsaldean etorri dira Olentzero eta Mari Domingi asto eta guzti. Eguraldi txarragatik, beste urteetan baino ibilbide motzagoa egin dute. Trikitilariek lagunduta iritsi dira plazara, eta bertan suaren bueltan Gabonetako hainbat kanta abestu dituzte. Ondoren, haurrak hartu dituzte banan-banan, haien gutunak jaso eta gozokiak banatzeko.
ZUMAIA
Etxeko txikienek ilusioz hartu dituzte Olentzero eta Gomezago gaur Zumaian. Lehendabizi, Olentzero elkartu da Beheko plazan herritarrekin, eta Arranplarainoko bidea egin dute, trikitilariek eta joareek lagunduta. Gomezago, berriz, txalupan iritsi da Zumaiara. Arranplan lehorreratu da, eta pozarren jaso du Olentzerok laguntzailea.