Gaur bukatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenak. Azpeitiko Soreasu antzokian izan den saioa Maider Agirre oñatiarrak irabazi du; harekin batera aritu dira lehian Aitor Tatiegi, German Urteaga, Haizea Arana, Asier Azpiroz eta Maialen Akizu.
Sailkapen fase hori bukatuta, final laurdenei ekingo diete orain 30 bertsolarik, eta horien artean sei dira Urola Kosta eskualdekoak. Aitor Salegi zestoarrak eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak final zortzirenetako saio bana irabazi eta zuzenean eskuratu zuten hurrengo fasea jokatzeko aukera. Aner Peritz Euzkitze eta Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrek nahiz Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrek aurreko fasean egindako puntuazioari esker lortu dute hurrengora pasatzea.
Final zortzirenetatik aurrera egin duten bertsolariei 2019ko txapelketan sailkatutakoak batuko zaizkie datorren fasean: Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.
Final laurdenetako aurreneko saioa urriaren 19an izango da, 17:00etan, Eibarko Coliseo aretoan. Saio horretan ez da eskualdeko bertsolaririk ariko. Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke.
Eskualdeko bertsolarien saioak:
- Urriak 20 (17:00), Errenteria, Lekuona Fabrikan: Aitor Salegi, Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Iñigo Gorostarzu, Oihana Arana eta Unai Gaztelumendi.
- Urriak 26 (17:00), Azkoitia, Baztartxo antzokia: Ane Labaka, Asier Azpiroz, Eli Pagola, Maialen Akizu, Oier Etxeberria eta Unai Mendizabal.
- Urriak 27 (17:00), Irun, Ficobako auditoriuma: Amaia Iturriotz, Aner Peritz Euzkitze, Eneritz Artetxe, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran.
- Azaroak 3 (17:00), Tolosa, Leidor aretoa: Aitor tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Nerea Elustondo.