Eneritz Artetxe Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetara sailkatu da

Ane Olaizola 2024ko ira. 29a, 10:17

Artetxe, atzo, Hondarribiko saioan. (Bertsozale)

Final zortzireneko Hondarribiko saioa irabazi zuen bertsolari azkoitiarrak atzo arratsaldean, eta horrenbestez, zuzenean sailkatu da txapelketako final laurdenetara. Oier Aizpurua, berriz, laugarren sailkatu zen. Irungo saioan izango da Artetxe, urriaren 27an. 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final zortzirena jokatu zuten atzo Hondarribiko Itsas Etxean, eta Eneritz Artetxek irabazi zuen saioa, 482,5 puntu lortuta. Horrenbestez, azkoitiarra zuzenean sailkatu da final laurdenetara, eta urriaren 27an Irunen izango den saioan kantatuko du hark. 

Artetxe ez ezik, Oier Aizpurua zarauztarra ere Hondarribiko saioan izan zen atzo, eta hura laugarren sailkatu zen. Biek ala biek aretoa beteta zela abestu zuten Hondarribian, honako beste bost bertsolari hauekin batera: Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran eta Unai Gaztelumendi. Lan puntuagarriak amaituta, azkoitiarra izan zen puntu gehien eskuratu zituena, eta haren atzetik, honela geratu zen sailkapena: Aratz Igartzabal (478), Unai Gaztelumendi (464,5), Oier Aizpurua (445), Maddi Aiestaran (444,5) eta Ane Beloki (419,5). 

48 bertsolari ari dira parte hartzen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kanporaketa saioetan, eta horietatik hamar dira Urola Kosta eskualdekoak: Eneritz Artetxe eta Unai Izagirre azkoitiarrak; Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrak; Libe Goenaga getariarra; Iñigo Mantzizidor Mantxi, Aner Peritz Euzkitze, Julen Zulaika eta Oier Aizpurua zarauztarrak; eta Aitor Salegi zestoarra. Urriaren 5ean amaituko dira final zortzirenetako saioak, Azpeitiko saioarekin, baina oraingoz, Artetxe da hurrengo fasera zuzenean sailkatu den eskualdeko bertsolari bakarra, abestu duten gainontzeko bertsolariak puntuazioaren mende baitaude final laurdenetarako. Eskualdeko bertsolari horien artean, honakoa da gaur-gaurkoz puntuazioa: Aner Peritz Euzkitze: 470 puntu; Oier Etxeberria: 467 puntu; Iñigo Mantzizidor Mantxi: 460,5 puntu; Jon Gurrutxaga: 451,5 puntu; Unai Izagirre: 446 puntu; Oier Aizpurua: 445 puntu; Julen Zulaika: 442 puntu; eta Libe Goenaga: 436 puntu.

Gaur jokatuko dute hurrengo saioa, Andoainen, eta han parte hartuko du Aitor Salegi bertsolari zestoarrak. Saio guztietarako sarrerak salgai daude Interneten. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide