Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetarako urratsa egin du Aitor Salegi bertsolari zestoarrak. Atzo, igandea, Andoaingo Bastero kulturgunean jokatu zuten final zortzirenetako azken aurreko saioa, eta Zestoako bertsolaria izan zen seietako onena. Hala, urriaren 20an Errenterian jokatuko duten final laurdenetako saioan izango da hura.
Bertsozale andana elkartu zen atzoko saioan ere, eta Salegirekin batera aritu ziren bertsotan Andoni Mujika, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, June Aiestaran eta Manex Mujika. Lan puntuagarriak amaituta, Salegi izendatu zuten garaile, 470 punturekin, eta haren atzetik, honela sailkatu ziren bertsolariak bigarren postutik seigarrenera, hurrenez hurren: Eñaut Martikorena (462), Andoni Mujika (450), June Aiestaran (448), Manex Mujika (448) eta Endika Igarzabal (437). Igotz Alkortak egin zituen gai-jartzaile lanak.
Atzoko saioan Salegi izan zen Urola Kosta eskualdeko ordezkari bakarra, baina, zapatuan Eneritz Artetxe azkoitiarrak eta Oier Aizpurua zarauztarrak kantatu zuten, Hondarribian. Artetxek irabazi zuen Hondarribiko final zortzirenetako saioa, eta azkoitiarra urriaren 27an Irunen kantatzeko sailkatu da. Aizpurua, berriz, laugarren sailkatu zen.
Faseko azken saioa, Azpeitian
Final-zortzirenetako zazpigarren eta azken saioa datorren larunbatean jokatuko dute, Azpeitiko Soreasu antzokian —saiorako sarrerak honako lotura honetan eskuratu daitezke—. Aitor Tatiegi, Asier Azpiroz, German Urteaga, Haizea Arana, Maialen Akizu eta Maider Arregi ariko dira bertsotan Azpeitian. Hango bertsoaldia bukatzearekin bat, final laurdenetara sailkatutakoen zerrenda jakinaraziko dute. Hain zuzen, final zortzirenetako zazpi saioetako irabazleekin batera, puntu gehien bildutako hamazazpi bertsolari eta 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera sailkatu ziren eta aurtengo txapelketan izena eman zuten sei bertsolari arituko dira final laurdenetan.
Guztira, 30 bertsolarik jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hurrengo fasea. 30 bertsolari izango dira lehian final laurdenetan, eta sei bertsolariz osatutako bost talde izango dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasako da hurrengo fasera; eta horiekin batera pasako dira puntu gehien batzen dituzten beste hamahiru bertsolari.