Asteburu honetan amaituko dute arraun denboraldia Orioko eta Getariako gizonezkoen traineruek

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 14a, 08:00

Getariarrak, abuztuan etxean jokatutako estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Gaur arratsaldean Bermeon izango da Eusko Label ligako norgehiagoka, eta bihar, berriz, erlojuaren aurkakoa, Portugaleten.

Asteburu honetan amaituko da Eusko Label liga, eta horrekin, baita arraun denboraldia ere, gainerako ligak amaitu direlako dagoeneko. Denboraldi bikaina egin dute Getariako eta Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen lehenengo traineruek, sailkapen nagusiko postuek erakusten duten gisan: Orio laugarren da 156 punturekin, eta Getaria seigarren, 117 punturekin.

Bizkaian jokatuko dituzte azken bi estropadak, eta ea postu horri eusteko gai diren oriotarrak, soilik bi puntura baitago Hondarribia, bosgarren postuan. Hirugarrena, berriz, Donostiarra da sailkapenean, 169 punturekin. Bermeo da lider, 203 punturekin, eta Zierbena bigarren, 177 punturekin. Getariarrei dagokienez, Lekittarra dute atzetik sailkapenean, 104 punturekin.

Liderraren etxean, Bermeon bertan izango da gaurko estropada, 18:51n hasita –aurrez play off-ak jokatuko dira–, eta bihar, azkenik, erlojuaren aurka ibiliko dira Portugaleteko itsasdarrean, 12:40ean –orduan ere, aurrez play-offak egongo dira–.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide