Kontxako Banderako bigarren jardunaldia jokatu dute gaur goiz eta eguerdi artean Donostiako badian. Eskualdeko bi ontzi izan dira zortzi lehiakideen artean: lehen jardunaldian zazpigarren egin zuen Getaria lehen txandan aritu da, eta pasa den igandean laugarren egin zuen Orio ohorezko txandan.
Getariako Esperantzak bazuen helburu bat jarrita bigarren jardunaldi honetarako eta zen pasa den igandean Kaikuk atera zizkion sei segundoak jatea eta, horrela, sailkapen orokorrean postu bat igotzea, zazpigarrenetik seigarrenera, alegia. Pentsatu eta egin. Gaur estropada galanta egin dute getariarrek eta beraiek izan dira lehen txandan Hondarribiari eutsi dioten bakarrak. Mugaldekoak traineru bateko aldea atera dute estropadako lehen minutuetarako, baina Getaria hurbil mantentzeko gai izan da. Ordurako Cabo galiziarrak eta Sestaoko Kaiku atzean geratu dira. Ziabogan Hondarribia izan da azkarrena 9:24 denborarekin eta Getaria bigarren sei segundora (9:30).
Bueltakoan, bazirudienean Hondarribiak estropada hautsiko zuela, Getariarrek hor jarraitu dute ondoan, aldea mantenduz, baita hurreratuz ere. Une batzuetan hiru segundotara hurreratu da Esperantza Ama Guadalupekora. Traineru bat besterik ez bi kluben artean. Badiara hurbiltzean, baina, Hondarribiak beste kolpe bat eman du eta bera izan da lehen txandako irabazlea, 19:18,76 denborarekin. Bigarren izan da Getaria 19:25,56 denborarekin. Eguneko bosgarren denbora onena egin dute getariarrek, eta garaipen handi baten gisa ospatu dute zaletuekin arrapalan lehorreratzekoan.
Ohorezko txandan, Oriok lehen luze itzela egin du. Berdintasuna nagusi izan da hasieratik eta faborito garbia zen Bermeok –lehen jardunaldia irabazi zuen, baita aldeak atera ere aurkariei– arraunketa saioko minutu eta erdira arte itxaron behar izan du beste traineruei segundo bateko aldea ateratzeko. Lehen luze horretan ez da Gorka Aranberri zarauztarrak gidatutako gizon taldea estropada hausteko gai izan. Aldeak ez dira inoiz bospasei segundotik igo. San Nikolas traineruak hurbiletik jarraitu dio Alakranari, baita une batean aurretik jarri ere, une batzuetan bakarrik izan bada ere. Bermeo izan da azkarrena ziabogan 9:15 denborarekin. Orio izan da bigarren bi segundora (9:17), Donostiarra hirugarren 9:19 eta Zierbena laugarren (9:20).
Orio ez da gai izan poparean lehen luzeko erritmoa mantentzeko, eta Zierbena hurreratzen joan zaio, baita aurrea hartu ere. Sailkapen orokorreko laugarren postua mantentzea izan du hortik aurrera Oriok erronka. Lehen txanda Hondarribiak irabazi du 19:18,76 denborarekin. Kontutan hartuta lehen igandean bi segundo besterik ez zizkiola atera laugarren egin zuen Oriok bosgarren izan zen Hondarribiari, San Nikolas traineruak kontzentrazioa mantendu behar zuen sailkapenean mugaldekoen aurretik geratu nahi bazuen. Eta lortu du helburua, bi ehunekorengandik bakarrik izan bada ere. 19:20.94 denbora egin du Oriok. Hala, bi igandetako denborak batuta, ia 39 minutuko arraunketa saioan bi ehuneko besterik ez dira izan Orio eta Hondarribiaren artean. Hala, gaur laugarren egin duen Orio gai izan da Kontxako sailkapen orokorrean laugarren postua gordetzeko.
Bigarren jardunaldiko denborak
- 1. Bermeo: 19:04,60
- 2. Zierbena: 19:17,20
- 3. Hondarribia: 19:18,76
- 4. Orio: 19:20,94
- 5. Getaria: 19:25,56
- 6. Donostiarra: 19:25,80
- 7. Cabo: 19:48,72
- 8: Kaiku: 19:58,64
Sailkapen orokorra
- 1. Bermeo: 38:10,08
- 2. Zierbena: 38:36,78
- 3. Donostiarra: 38:46.70
- 4. Orio: 38:51.64
- 5. Hondarribia: 38:51.66
- 6. Getaria: 39:17.72
- 7. Kaiku: 39:44.90
- 8. Cabo: 39:51.22