Gipuzkoan eta lurraldearekin mugakide den Ondarroan jokatuko dituzte datorren asteburuan traineru ligetako estropadak.
Gipuzkoako ekialderantz egingo dute desplazamendua Orioko eta Getariako ontziek datorren asteburuan. Larunbatean Hondarribian jokatuko dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak, eta egun bat geroago, igandean, Pasaian.
Larunbatean, 17:25ean hasita, Euskotren Ligarako puntuagarria den XVI. Txingudiko Bandera izango da jokoan. Haren amaieran, 18:21ean hasita, Hondarribiko XXXVII. Bandera jokatuko dute Eusko Label Ligan aritzen diren traineruek.
Oso urrutira joan gabe, Pasaian jokatuko dituzte igande eguerdian bi ligetarako puntuagarriak diren arraunketa saioak. 11:21ean hasita, Euskotren Ligako Gertu Eraikuntza Bandera jokatuko dute. Hura bukatuta, Eusko Label ligako I. Adinberri Banderako lehiakideen txanda izango da.
ETE Liga Ondarroan, KAE 1 Hondarribian
Larunbat eguerdian jokatuko dute ETE Ligako estropada. Ondarroan izango da arraunketa saioa eta Ondarroako XL. Bandera izango dute jokoan. Zumaiako Telmo Deun eta Zarauzko Enbata arituko dira arraunean eguerdiko 12:00etan hasiko den estropadan.
Egun bat geroago, igandean, KAE1 ligarako puntuagarria den Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera jokatuko dute Hondarribian. Estropada 16:00etan jokatuko dute, linean, lau luze eta hiru ziabogarekin. Zumaia, Zarautz eta Orioren B ontzia izango dira bertan arraunean.