Emaitza onak lortu dituzte Orioko traineruek Sestaon

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 14a, 15:30

Orioko trainerua atzo Bilbon jokatutako estropadan. (Euskotren liga / Aitor Arrizabalaga)

Euskotren Ligako trainerua bigarren sailkatu da eta Eusko Label Ligakoa laugarren. Getariak, berriz, zortzigarren amaitu du. Patroi onenaren sailkapenaren buruan jarraitzen du Unax Eizagirrek.

Atzo Bilbon, eta gaur Sestaon izan dira Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruak. Eskualdeko ontziek oro har emaitza onak lortu dituzte: bigarren, laugarren eta zortzigarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Orioko biak eta Getariakoa. Azkarrenak, berriz, Urdaibai eta Arraun Lagunak izan dira.

Eusko Label ligari dagokionez, laugarren egin dute gaurkoan oriotarrek, eta zortzigarren Getariako Esperantza-k. Ohorezko txandan aritu da San Nikolas trainerua eta probetxua atera dio; izan ere, Urdaibai, Zierbena eta Hondarribiaren atzetik amaitu badu ere, erdiko txandako onena izan den Donostiarrak baino denbora hobea egin du. Hori bai, azken luzera arte aurretik zihoan Donostiarra. Hala, bederatzi puntu poltsikoratu ditu sailkapen orokorrerako eta ohorezko txanda horretan egonkortzen ari da, jada zazpi puntuko aldea ateratzen baitio bosgarrena den Donostiarrari, hain zuzen ere.  Hondarribia hirugarrena, berriz, lau puntu aurretik doa.

Getariako ontziak, kontrara, bigarren txandako hirugarren denbora egin du gaur Ondarroarekin lehia estua izan ondoren. Azkenean, ordea, segundo bat azkarragoak izan dira bizkaitarrak, eta zortzigarren amaitu du Esperantzak, esan bezala; izan ere, lehenengo txandako Cabok denbora hobea egin du. Galiziarrek eman dute gaurko ez ustekoa seigarren sailkatuta. Unax Eizagirrek patroi onenaren elastikoarekin jarraitzen du.

Euskotren Ligari erreparatuta, bigarren egin du Oriok, nahiz eta Donostiarrak gertutik jarraitu dion. Bi ontziak segundo bakarreko aldean helmugaratu dira. Arraun Lagunakek nagusitasunez irabazi du, eta menderaezin jarraitzen du. Oriori bederatzi segundoko aldea atera dio helmugan gaurkoan. Nolanahi ere, Sestaon lortutako emaitzari esker, oriotarrak sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira berriro; izan ere, Tolosaldea bosgarrena izan da gaurkoan ere Hondarribiaren atzetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide