Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruak Bilboko uretan lehiatu dira gaur arratsaldean eta erlojupeko formatuan jokatu dute estropada. Eskualdeko traineruak hirugarren, laugarren eta zazpigarren postuetan sailkatu dira. Azkarrenak, berriz, Zierbena eta Arraun Lagunak izan dira gaurkoan.
Eusko Label ligan aritzen diren Orio eta Getariari dagokienez, hirugarrena izan da San Nikolas ontzia zazpigarrena Esperantza. Oriok lan txukuna egin du eta denboraldiko lehenengo garaipena lortu duen Zierbenaren eta Urdaibairen atzetik amaitu du estropada hamabost segundora. Lehia estua izan dute Bizkaiko bi traineruek eta aldearekin izan dira ohorezko txandako onenak. Hala ere, Hondarribiak baino denbora hobea egitea lortu du Oriok, ia bost segundo azkarragoa izan baita. Hala, hiru puntura murriztu du San Nikolasak Ama Guadalupekoak sailkapenean ateratzen zion aldea eta ohorezko txandako postuetan jarraitzen du.
Esperantzak, bere aldetik, lehia estua izan du bere txandako Ondarroarekin eta Lekittarrarekin, baina biek baino denbora hobea egitea lortu du, azkenean. Segundo bat eta bi atera dizkie, hurrenez hurren. Kontrara, txandako laugarren traineruak Donostiarrak nagusitasunez menderatu du, hamahiru segundoko aldea atera baitio. Hala ere, azpimarragarriena izan da lehenengo txandako Kaikuk Getariak baino denbora hobea egin duela. Segundo bat atera dio. Patroi onenaren sailkapenean Unax Eizagirrek jarraitzen du lidergoan.
Euskotren ligan, berriz, laugarren denbora onena egin du Oriok, baina oso txikia izan da bigarrenak eta hirugarrenak atera dioten aldea; izan ere, segundo bakarreko tartean sartu dira hiru ontziak. Gaurkoan ez ustekoa eman duen Hondarribia izan da Orioren aurretik hirugarren sailkatu den ontzia, hain justu, eta hogei ehunenekoa baino ez da izan bien arteko aldea. Bigarren Donostiarra sailkatu da eta sailkapeneko bigarren postuan Oriok baino puntu bat gehiago duen Tolosaldea bosgarrena izan da gaurkoan. Hala, lehenengo txandan aritu beharko du bihar.