Eskualdeko zortzi bertsolari ariko dira udazkenean Gipuzkoako Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 3a, 10:09

Aner Peritz herenegun, Ataungo saioan. (GBE)

Atzo bukatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea, eta Aner Peritz, Julen Zulaika eta Oier Aizpurua zarauztarrek, Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria azpeitiarrek, Eneritz Artetxe eta Unai Izagirre azkoitiarrek, eta Aitor Salegi zestoarrak lortu dute sailkatzea.

Urola Kostako 21 bertsolarik ekin zioten apiril bukaeran Gipuzkoa Bertsotani, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen faseari. Bi itzulitan banatuta jokatu dute Gipuzkoa Bertsotan: eskualdeko hamahiru bertsolarik gainditu zuten lehen itzulia, eta horietatik zortzi sailkatu dira udazkenean hasiko den Gipuzkoako Txapelketaren fase nagusira. A eta B multzotan banatuta lehiatu dira bertsolariak bi itzulietan, eta bigarren itzuliko saio guztiak osatu ondoren, multzo bakoitzeko lehen hamazazpi sailkatuak dira aurrera egin dutenak.

Asteburuan jokatu dituzte Gipuzkoa Bertsotanen bigarren itzuliko azken lau saioak, eta Aner Peritzek irabazi zuen horietako bat, larunbatean Ataunen jokatu zutena; aurreko asteburuan, berriz, Jon Gurrutxaga azpeitiarra gailendu zen Alegian. Hain zuzen ere, Peritz eta Gurrutxaga dira Urola Kostako ordezkarien artean puntu gehien lortuta sailkatu direnak; biak A multzoan lehiatu dira, eta multzo horretan lehen eta hirugarren postuetan sailkatu dira. Hala ere, B multzoko hiru aurrenak (Maider Arregi oñatiarra, Ane Zuazubiskar arrasatearra eta Andoni Rekondo hernaniarra) puntuazio hobearekin igaro dira azken fasera.

Urola Kostako bertsolarietara itzulita, hauek dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren fase nagusian lehiatzeko txartela lortu dutenak, Gipuzkoa Bertsotanen multzoka lortu duten sailkapenarekin eta puntu kopuruarekin:

A multzoa

  • 1. Aner Peritz (Zarautz):
    • lehen itzulia: 332 puntu.
    • bigarren itzulia: 342.
    • guztira: 674.
  • 3. Jon Gurrutxaga (Azpeitia):
    • lehen itzulia: 332.
    • bigarren itzulia: 341.
    • guztira: 673.
  • 4. Eneritz Artetxe (Azkoitia):
    • lehen itzulia: 327.
    • bigarren itzulia: 333,5.
    • guztira: 660,5.
  • 14. Oier Etxeberria (Azpeitia):
    • lehen itzulia: 318,5.
    • bigarren itzulia: 305.5.
    • guztira: 624.
  • 15. Julen Zulaika (Zarautz):
    • lehen itzulia: 316,5.
    • bigarren itzulia: 302.
    • guztira: 618,5.

B multzoa

  • 6. Unai Izagirre (Azkoitia):
    • lehen itzulia: 321,5.
    • bigarren itzulia: 324.
    • guztira: 645,5.
  • 7. Aitor Salegi (Zestoa):
    • lehen itzulia: 324.
    • bigarren itzulia: 319.
    • guztira: 643.
  • 15. Oier Aizpurua (Zarautz):
    • lehen itzulia: 304.
    • bigarren itzulia: 310.
    • guztira: 614.

Libe Goenaga getariarra eta Uxue Alkorta zarauztarra 18. sailkatu dira, hurrenez hurren, A eta B multzoetan; azken multzo horretan lehiatu eta kanpoan gelditu dira bigarren itzulian Beñat Jauregi zarauztarra, Julene Iturbe azkoitiarra eta Urko Egaña azpeitiarra ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide