Atzo bukatu zen, Oñatiko saioarekin, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasearen lehen itzulia. 73 bertsolari lehiatu dira –38 A multzoan eta 35 B multzoan– Gipuzkoa Bertsotanen lehen itzuliko hamabi saioetan, eta horietatik 48 –25 A multzotik eta 23 B multzotik– sailkatu dira bigarren itzulirako. Datorren astean hasiko den bigarren faseko zortzi saioetan lehiatuko dira berriro lehen itzulia gainditu dutenak, eta 48tik 34k lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela.
Gipuzkoa Bertsotanen izena emandakoetatik 21 Urola Kostako herrietakoak ziren, eta horietatik hamahiruk egin dute aurrera: Aner Peritz, Julen Zulaika, Beñat Jauregi, Oier Aizpurua eta Uxue Alkorta zarauztarrek; Jon Gurrutxaga, Oier Etxeberria eta Urko Egaña azpeitiarrek: Eneritz Artetxe, Unai Izagirre eta Julene Iturbe azkoitiarrek; Libe Goenaga getariarrak; eta Aitor Salegi zestoarrak. Gurrutxagak, Salegik, Peritzek eta Jauregik beren saioak irabazi dituzte lehen itzulian. Puntuei dagokienez, hauek izan dira sailkatu direnen emaitzak:
- Jon Gurrutxaga (332)
- Aner Peritz (332)
- Libe Goenaga (330)
- Eneritz Artetxe (327)
- Aitor Salegi (324)
- Unai Izagirre (321)
- Oier Etxeberria (318,5)
- Julen Zulaika (316,5)
- Beñat Jauregi (311)
- Oier Aizpurua (304)
- Urko Egaña (298)
- Julene Iturbe (294,5)
- Uxue Alkorta (294)
Atzo, Oñatin, B multzoko lehen itzuliko azken saioan lehiatu zen Aimar Sorazu zarauztarra. 293,5 punturekin, laugarrena izan zen saioaren sailkapenean, baina bigarren itzuliaren atarian gelditu da Sorazu; B multzoan sailkatu ez direnen zerrendaren buruan, hain zuzen.
Bigarren itzuliko saioak
Datozen bi asteburuetan, maiatzeko azkenengoan eta ekaineko lehendabizikoan, jokatuko dituzteGipuzkoa Bertsotanen bigarren itzuliko zortzi saioak.
Maiatzaren 25ean Antzuolan eta Pasaian egingo dituzte saioak, eta Pasaiakoan kantatuko du Izagirre azkoitiarrak. Maiatzaren 26an, Gurrutxaga eta Etxeberria azpeitiarrak saio berean ariko dira, Alegian; eta Aizpurua eta Alkorta zarauztarrak, berriz, Usurbilgo saioan lehiatuko dira. Ekainaren 1ean, Ataunen, eskualdekoak izango dira bertsolarien erdiak –Artetxe azkoitiarra, eta Peritz eta Zulaika zarauztarrak–, eta Elgetan ere bai –Salegi zestoarra, Jauregi zarauztarra eta Iturbe azkoitiarra–. Ekainaren 2an, azkenik, Egaña azpeitiarrak Hernaniko saioan parte hartuko du, eta Goenaga getariarrak Soraluzekoan.