Gipuzkoa Bertsotan txapelketak aurrera darrai, eta beste bi saio jokatu berri dituzte Idiazabalen eta Getarian. Aipatutako lehen saioari dagokionez, Aner Peritz zarauztarra nagusitu da bertan, 332 punturekin. Bigarren eta hirugarren postuak, aldiz, Eli Pagola hernaniarrarentzat eta Oier Etxeberria azpeitiarrarentzat izan dira.
Getariako saioa ere izan zen atzokoan, eta Odei Lopez legorretarrak lortu zuen irabaztea, 307 punturekin. Bigarren postua, berriz, Oier Aizpuruak lortu zuen, 304 punturekin. Hirugarren Urko Arregi oñatiarra sailkatu zen. Gaur jokatuko dituzte Gipuzkoa Bertsotaneko hurrengo bi saioak: Mutrikun eta Anoetan. Mutrikuko saioa A multzoko azken saioa izango da lehen itzulian, eta, beraz, gaur jakingo da nor sailkatuko diren talde horretatik bigarren itzulira. B multzokoak datorren astean erabakiko dituzte. Saio horietan ariko dira Markel Eizagirre, Ane Peñagarikano eta Beñat Jauregi bertsolariak.