Urola Kostako 21 bertsolarik parte hartuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean

Nerea Uranga 2024ko api. 8a, 17:45

Gipuzkoa Bertsotaneko saio bateko artxiboko irudia.

Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotanen aurtengo edizioa, eta ekainaren 2a bitartean hogei saio jokatuko dituzte, bi itzulitan. Denera, 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; eta udazkenerako txartela 34k lortuko dute. Lehen itzuliko saioetatik hiru eskualdean izango dira: Zestoan, Orion eta Getarian.

Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea apirilaren 25ean hasiko da Eskoriatzan, eta ekainaren 2a bitartean hogei saio jokatuko dituzte, bi itzulitan. Guztira, 74 bertsolarik parte hartuko dute, eta horietatik 21 Urola Kosta eskualdekoak dira: zortzi zarauztarrak, lau azkoitiarrak, hiruna getariarrak eta azpeitiarrak, bi zumaiarrak eta bat zestoarra.

Gaur aurkeztu dute Gipuzkoa Bertsotan, eta "berezitasun ugari" dakartza: "Batetik, bere iraupena: hilabete eta erdi pasatxo iraungo du, hogei bertso saio jokatuko baitira. Saioak bikoitzak izango dira, lehen itzuliko lehena eta azkena izan ezik. Lehen itzulian hamabi saio izango dira, ostegunetan eta ostiraletan; bigarrenean, berriz, zortzi saio, larunbatetan eta igandetan". Lehen itzuliko hiru saio eskualdean jokatuko dira: Zestoan, apirilaren 26ean; Orion, maiatzaren 3an; eta Getarian, maiatzaren 9an.

Egituraz gainera, txapelketaren forma bera ere aldatu egin dutela azaldu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. "Ariketetan berritasunak daude, eta horien lanketaren atzean egon da Bertsogintza Batzordea, Talde Antolatzailearen baitan". Bertsolariek lehen itzuliko saioetan zein bigarren itzulikoan egin beharko dituzten ariketak honako loturan ikus daitezke.

Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian jarri dituzte salgai.

Bertso eskolei aitortza

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea gauzatu ahal izateko "ezinbesteko lehengaia"  bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak direla adierazi du Gipuzkoako Bertsozale Elkartek: "Bertsolaritzaren ekosistema lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle". Eta aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte, Unai

Hain zuzen ere, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte: "Unai Gaztelumendiren irudiak bertso eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak".

Ildo horretatik, txapelketaren beste berritasunetako bat izango da saio bakoitzaren ondoren afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso eskolek.

Gipuzkoa Bertsotanen parte hartuko duten eskualdeko bertsolariak:

- Aimar Sorazu Roteta (Zarautz, 2001). Oñatiko saioan kantatuko du maiatzaren 17an (ostirala), 19:00etan, Santa Ana udal antzokian.

- Ane Peñagarikano Leiva (Zarautz, 1999). Mutrikuko saioan abestuko du maiatzaren 10ean (ostirala), 19:00etan, Zabiel kultur etxean.

- Aner Peritz Manterola Euzkitze (Zarautz, 2002). Idiazabalgo saioan abestuko du maiatzaren 9an (osteguna), 19:00etan, Guraso Elkartea aretoan.

- Beñat Jauregi Etxeberria (Zarautz, 1992). Anoetako saioan kantatuko du maiatzaren 10ean (ostirala), 19:00etan, Mikelasagasti auditorioan.

- Julen Zulaika Alkorta (Zarautz, 1980). Zestoako saioan kantatuko du, apirilaren 26an (ostirala), 19:00etan, Kultur Etxean.

- Markel Eizagirre Beloki (Zarautz, 1995). Anoetako saioan kantatuko du maiatzaren 10ean (ostirala), 19:00etan, Mikelasagasti auditorioan.

- Oier Aizpurua Olaizola (Zarautz, 1988). Getariako saioan abestuko du maiatzaren 9an (osteguna), 19:00etan, Kultur Etxean.

- Uxue Alkorta Iturbe (Zarautz, 2001). Zaldibiako saioan abestuko du, maiatzaren 2an (osteguna), 19:00etan, Herri Antzokian.

- Amets Aizpurua Manzisidor (Getaria. 2005). Zestoako saioan kantatuko du, apirilaren 26an (ostirala), 19:00etan, Kultur Etxean.

- Danel Olano Eizagirre (Getaria, 1997). Altzoko saioan kantatuko du maiatzaren 2an (osteguna), 19:00etan, Kultur Etxean.

- Libe Goenaga Arrieta (Getaria, 1999). Eskoriatzako saioan abestuko du, apirilaren 25ean (osteguna), 19:00etan, Zaldibar antzokian.

- Eneritz Artetxe Eizagirre (Azkoitia, 1990). Altzoko saioan kantatuko du maiatzaren 2an (osteguna), 19:00etan, Kultur Etxean.

- Julene Iturbe Epelde (Azkoitia, 2001). Anoetako saioan kantatuko du maiatzaren 10ean (ostirala), 19:00etan, Mikelasagasti auditorioan.

- Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004). Legorretako saioan abestuko du maiatzaren 3an (ostirala), 19:00etan, Herri Antzokian.

- Unai Izagirre Etxeberria (Azkoitia, 1995). Legorretako saioan abestuko du maiatzaren 3an (ostirala), 19:00etan, Herri Antzokian.

- Jon Gurrutxaga Urbieta (Azpeitia, 1996). Altzoko saioan abestuko du maiatzaren 2an (osteguna), 19:00etan, Kultur Etxean.

- Oier Etxeberria Zubimendi (Azpeitia, 1997). Idiazabalgo saioan abestuko du maiatzaren 9an (osteguna), 19:00etan, Guraso Elkartea aretoan.

- Urko Egaña Calderon (Azpeitia, 1979). Gabiriako saioan abestuko du, apirilaren 26an (ostirala), 19:00etan, Kultur Etxean.

- Irati Arakistain Mendizabal (Zumaia, 2003). Zaldibiako saioan abestuko du, maiatzaren 2an (osteguna), 19:00etan, Herri Antzokian.

- Joar Garate Rueda (Zumaia, 2003). Eskoriatzako saioan abestuko du, apirilaren 25ean (osteguna), 19:00etan, Zaldibar antzokian.

- Aitor Salegi Martija (Zestoa, 1993). Zaldibiako saioan abestuko du, maiatzaren 2an (osteguna), 19:00etan, Herri Antzokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide