Albistegia

Kale inkesta: non kokatuko lukete oriotarrek frontoi berria, eta zergatik?

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2026ko maiatzaren 27a

Orioko Udalak herri galdeketa antolatu du ekainaren 5etik 7ra, herriko frontoi berriaren kokalekua erabakitzeko. Bi aurreproiektu daude mahai gainean: Palotakoa eta Abaromendikoa. Sei herritarren iritziak bildu ditu Guka Telebistak inkesta honetan. 

Orioko Udalak herri galdeketa egingo du ekainaren 5etik 7ra, herriko frontoi berria non eraiki erabakitzeko: Palotan, ala Abaromendin. 

Gaiaren garrantzia ikusita, Guka kalera atera da herritarren iritziak jasotzeko. Gehienek botoa emateko asmoa erakutsi dute: seitik lauk Palotako kokalekua dute nahiago; batek, Abaromendikoa; eta beste batek, biak aproposak direla deritzo.

Palotakoa nahiago dutenek "gertutasuna" nabarmendu dute: "Herri barruan behar du frontoiak". Abaromendi nahiago duen herritarrak, berriz, esan du aparkatzeko toki gehiago egongo dela han, eta "frontoia nahi den neurrikoa eta itxia" egin ahalko dela.

Palotako aukerak frontoia eta kulturgune berria uztartzen ditu, baina batek uste du proiektuak bana daitezkeela: "Abaromendin egin daiteke frontoia, eta Palotan, kulturgunea".

Kultur azpiegiturak "toki bakar batean" egotearen garrantzia azpimarratu du herritar batek, eta gehienek ondo ikusi dute horiek Palotan batzea, Kosta Tailerraren inguruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide