Nork bere iritzia du pilotaleku berriaren kokapenaz eta ezaugarriez; baita, nola ez, Ospele pilota elkarteak ere. Gukari azaldu diotenez, elkarteak udalari eman dio bere iritzia, "baina oraindik ez dago bi proiektu horietan islatuta". Udalak esan die, hori bai, behin betiko proiektua lantzerakoan jasoko dituztela beren eskariak. "Konpromiso hori erakutsi digu", nabarmendu dute Ospelekoek.
Pilota elkarteak aitortu du bi proiektuetako inork ez dituela betetzen erabat bere nahiak. "Edozein herritarrek bezala, herritik gertu nahi genuke eraikin berria. 106 urtez hala ohitu gara, eta hala nahi genuke segitu bai harrobia lantzeko, bai herrian euskal pilota sustatzeko". Baina bi proiektuek "frontoi mota desberdinak" planteatzen dituzte, eta horrek kezka eragiten die. "Argi dago Abaromendikoa itxia dela; besteaz ez da hitz egiten, eta kezka sortzen digu Palotan zer frontoi mota egingo luketen".
Bi kasuetan, 36 metroko frontoia izango litzateke, araudiak dioen bezalakoa, baina elkartekoek uste dute beste ezaugarri batzuk ere hartu behar direla kontuan. "Hutsetik egiten hasiko garenez, kontuan hartu behar genituzke sarrera-irteerak, barruko pasabideak eta espazioak, aldagela kopurua, bilera gela eta gimnasioa, beroketetarako kantxa eta abar. Urte askoan egoera nahiko prekarioan egon gara, eta horien bila joan behar dugula uste dugu. Nahi horiek Palotako eremuak beteko ote dituen zalantzak ditugu, espazio kontuengatik".
Botoa ematera joateko deia
Azpimarratu dute "kezka horiekin" bozkatuko dutela kokaleku berria. Dena den, Ospelek herritarrak bozkatzera animatu ditu, eta lanean segituko duela azpimarratu. "Behin kokalekua zehaztuta, gu prest gaude gure esperientzia guztia udalarekin partekatzeko".
Elkarteak argi du bere esku dagoen guztia egingo duela "frontoi berria kalitatezkoa izan dadin eta, txapelketak ekarrita, euskal pilota ahalik eta gehien sustatzeko".