Patxi Francesek San Pedro entrenatuko du eta Jon Salsamendik Urdaibain jarraituko du beste urtebetez

Onintza Lete Arrieta 2025ko ira. 18a, 12:02

Patxi Frances eta Jon Salsamendi arraun entrenatzaileak.

Francesek Orioko emakumezkoen trainerua entrenatu du azken lau urteetan, eta haien prestatzaile fisikoa izan da Rafa Gonzalez Txabarri. Datorren denboraldian elkarrekin jarraituko dute Pasaian, gizonezkoen ontzia prestatzen. Salsamendik, berriz, berritu egin du kontratua talde bizkaitarrarekin.

Kontxako estropadak pasatuta, emakumezkoek amaitua dute arraun denboraldia, eta gizonezkoek, berriz, igande honetan bukatuko dute Eusko Label liga, azken bi jardunaldiak jokatutakoan.

Urtero bezala, arraun klubak hasiak dira plantilletan mugimenduak egiten. Orio Arraunketa Elkarteak, esaterako, abuztuaren 21ean jakinarazi zuen Patxi Francesek ez zuela jarraituko nesken trainerua entrenatzen datorren denboraldian. Oraingoz ez dute esan zein izango den haren ordezkoa, baina Francesek topatu du talde berria: San Pedroko gizonezkoen trainerua entrenatuko du. Hala baieztatu dio hark Gukari, eta erantsi du Rafa Gonzalez Txabarri prestatzaile fisiko oriotarra berarekin joango dela talde berrira.

Frances azken lau denboraldietan izan da Orioko emakumezkoen entrenatzailea, eta Gonzalez Txabarri izan da prestatzailea. Gainera, urte mordoa daramate biek elkarrekin lanean: "1991etik elkarrekin ari gara lanean Rafa eta biok. Garai hartan arraunlaria nintzen ni, eta bera jada prestatzaile fisikoa. Ordutik, Zierbenan egin nituen lauzpabost urteak kenduta, beti elkarrekin ibili gara", esan du Francesek.

Oraingoz urtebeterako hitzartu dute San Pedrorekin kontratua. "Nahiago dut urtez urte joan, ikusteko kluba gure lanarekin gustura al dagoen eta gu ere gustura al gauden klubarekin", adierazi du entrenatzaileak. Utzi berri duen taldeari dagokionez, esker oneko hitzak besterik ez ditu Francesek: "Nigatik eta Rafagatik egin duten guztia eskertu nahi diet Orioko neskei. Inoiz ez naiz hain gustura egon talde batean. Pertsonalki asko eman didate, eta bihotzez eskertu nahi diet hori", azpimarratu du.

Beste urtebetez Bermeon

Batzuek aldaketa, beste batzuek jarraipena. Izan ere, Bermeoko arraun klubak ere egunotan jakinarazi du Jon Salsamendi entrenatzaile oriotarrak beste denboraldi batez jarraituko duela Urdaibaiko mutilak entrenatzen. Hain zuzen, Iker Zabala Orioko entrenatzailearen ordez hasi zen Salsamendi han, aurtengo denboraldian.

Eusko Label liga amaitzeko azken bi jardunaldien faltan, laugarren dira bizkaitarrak sailkapen nagusian, eta larunbateko estropada etxean jokatuko dute, Bermeoko uretan (18:51n hasita). Azken estropada ere gertu izango dute, Portugaleten (Bizkaia), 12:40etik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide