Arraunzaleek Orio hartuko dute asteburu honetan, izan ere, larunbaten jokatuko dituzte errioan ETE eta KAE 1 ligako estropadak, eta igandean, Euskotren eta Eusko Label ligetakoak, itsasoan. Orio Arraunketa Elkarteak antolatu ditu, Hernaniko klubarekin elkarlanean, eta gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia udal kanpinean. Bertan izan dira Andoni Campos eta Itziar Olasagasti OAEko ordezkariak, baita udalekoak ere: Anuska Esnal alkatea eta Olatz Santamaria (EH Bildu) eta Lourdes Salsamendi (EAJ) zinegotziak.
Hala, larunbatean Orioko errioan jokatuko dute Hernaniko Arraun Elkarteak antolatu duen ETE Ligako estropada, 11:15ean hasita. KAE 2 mailako proban, aldiz, 5.556 metro egin beharko ditu traineru bakoitzak, kale bakarrean, erlojupeko lau luzetara, hiru ziabogarekin. Sei traineruk hartuko dute parte, eta, ohi bezala, Herriko Plazatik Ortzaikaraino joango dira.
Igandean, aldiz, Eusko Label eta Euskotren ligetako seigarren jardunaldiak jokatuko dituzte, Orio Kanpina 13. banderak, zehazki. Estropada eremua iazko bera izango da: Orioko kanpoko espigoiaren aurretik abiatu eta Mollarri aldera. Emakumezkoen proba 11:20 aldera hasiko da, eta zortzi traineruk hartuko dute parte: Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika, Zumaia eta Astillero. 1,5 itsas milia egin beharko dituzte, hau da, 2.778 metro, bi luzetan banatuta eta ziaboga bakarrarekin.
Emakumeen proba amaitu bezain laister, 12:20 aldera, Eusko Label Ligako gizonezkoen probaren txanda izango da, Orio Kanpina 13. bandera, hain zuzen ere. Hauek guztira 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin. Hiru txandatan ariko dira hamabi traineruak: Urdaibai, Zierbena, Hondarribia, Orio, Donostia, Getaria, Ondarroa, Cabo Da Cruz, Lekittarra, Kaiku, San Juan eta Ares.
Ikusleentzako eremuak
Beste urteetan bezala, Herriko Plazan pantaila jarriko dute zaleentzat eta Euskal Parrillaren produktuez ere gozatu ahalko dute. Kanpoko espigoian, bestalde, harmailak jarriko dituzte, eta herritarrek gonbidapena beharko dute sartzeko. "Jendea animatu nahi dugu asteburuan herrira gerturatzera, estropadez gozatzeko", esan du Olasagastik.
"Errioa eremu oso egokia da arraunaz gozatzeko, eta jendea bertan elkartzea nahi dugu, giro ederra sortzen delako eta arraunlariek eskertzen dutelako", gehitu du Camposek. Ibaiko estropadek "itsasoko olatuen ikuskizuna" ematen ez duten arren, beste alderdi positiboak dituela esan du Camposek, eta zaleak estropadak ikustera erakartzeko, "hausnarketa sakon bat" egin behar dela gaineratu du.
Gainera, goizean zehar OAEko bazkideek kamisetak jasotzeko aukera izango dute Endaia plazako denda berrian, 09:00etatik 13:00etara.