Hirugarren garaipena, nagusitasun horiz

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 13a, 16:10

Oriok lider jarraitzen du sailkapen orokorrean, Petronor Bandera irabazita. (utzitakoa)

Erakustaldi ederra eman dute mirotzek Eusko Label ligan, Petronor Bandera irabazita. Gisa horretan, atzo Donostian geratutako arantza kendu dute. Orio Bk, bere aldetik, garaipen berri bat erdietsi du.

Atzokoan sufritzea tokatu zitzaion Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineruari Donostian. Gaur, aldiz, txaponaren beste aldeak egin die distira Zierbenan, Petronor Banderan. Eta nola egin distira, gainera: hamabost segundoko aldearekin irabazi du, 19:56,19eko denbora eginez.

Lehen luzetik aurretik jarri dira, baina ziaboga eman eta poparean hartutako bi olaturi esker hautsi dute estropada. Harrezkero, buruan jarri eta hamar segundotik gorako aldea atera die hirugarren txandako gainerako aurkariei; Zierberna, Urdaibai eta Donostiarrari, hurrenkera horretan. Aldeak apur bat areagotuz, azkenean, erakustaldi ederra emanez irabazi dute mirotzek.

Jardunaldiko sailkapenean, ordea, bigarren txandako ontziak kokatu dira lehen postuetan: Zierberna izan da bigarrena etxean, 15 segundo galduta, baina hirugarren postua Hondarribiarentzat izan da, bigarren txandako onenarentzat; bizkaitarrek baino segundo bat gehiago behar izan dute. Laugarren tokia Urdaibaik lortu du, eta bosgarrena Getariak.

Ligako sailkapen orokorrean, Orio da liderra, 46 punturekin, eta Zierbena dago hurrena, 42 punturekin; hirugarren postuan Urdaibai dago, 39 punturekin.

Bestalde, Orioko gizonezkoen bigarren taldeak bere dinamika positiboarekin jarraitzen du. Gaur Burdinola Bandera izan da jokoan KAE 2 mailan, eta aise irabazi du beste behin, atzo Laredon (Kantabria) bigarren izan ostean; Hibaika izan zen garaile. Harrobia indartsu bezain garaipen gosez datorren seinale.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide