Arraunean denbora segundoetan neurtzen da. Segundo gutxi batzuen aldeak bandera bat irabaztea edo galtzea ekar dezake, eta ziaboga bakarrean egindako akats batek denboraldi baten kontakizuna baldintzatzea. Horregatik, kronometroak ia eztabaidaezina den autoritatea dauka estropada batean. Bada, ordea, denbora neurtzeko beste modu bat, sailkapenetan ageri ez dena.
Kirol ibilbide orok, lehenago edo beranduago, lehiatik kanpoko errealitateekin egiten du topo. Ikasketak amaitzen dira, lan munduan murgiltzeko unea iristen da, proiektu pertsonalek gero eta pisu handiagoa hartzen dute eta lehentasunak berrantolatzen hasten dira. Arraunak, ordea, ez du bere erritmoa aldatzen. Entrenamenduek dedikazio bera eskatzen dute, estropaden egutegiak ez du etenik onartzen eta errendimenduak ez du bizitzaren gorabeheretara egokitzeko joerarik. Emakume askoren kasuan, gainera, etapa horretan beste aldagai erabakigarri bat agertzen da, amatasuna, eta horrekin batera, haurdunaldia.
Arraunaren etorkizunari buruzko eztabaidetan harrobiaren garrantzia ia beti agertzen da lehen lerroan. Arraun-eskolak sendotzea, gazteak erakartzea edo belaunaldi aldaketa bermatzea ezinbesteko helburutzat jotzen dira. Askoz gutxiagotan aztertzen da, ordea, urteetako esperientzia metatu duten emakume asko bizitzako etapa jakin batera iristean arrauna uztearen zergaitia.
2023an argitaratutako Desigualdad en el deporte ikerketaren arabera, emakume kirolarien gehiengoak uste du kirol sistema ez dagoela prestatuta haurdunaldia eta amatasuna errazteko. Txostenak ondorioztatzen du federazioek berdintasunaren eta lan-segurtasunaren arloan erantzukizunak dituztela, baina, praktikan, kontziliazioa ahalbidetuko luketen egiturak urriegiak direla oraindik. Azterlan beraren arabera, kirol gehienetan ez dago ama izan ondorengo itzulera arautzen duen markorik ere, eta ondorioz, amatasuna ez da askotan kirol ibilbidean eten nabarmena eragiten duen faktorea bilakatzen da.
Aipatu beharra dago, arraunaren errealitatea ez datorrela guztiz bat eliteko beste kirol batzuenarekin. Kirol minorizatua da gurea, baliabide ekonomiko mugatuekin funtzionatzen duena, eta klub askoren egunerokoa boluntarioen lanari eta konpromiso pertsonalari esker sostengatzen da. Hala ere, bere berezitasunek ez dute arazoa lausotzen, zenbaitetan, are nabarmenago egiten dute. Entrenamenduen maiztasunak, udako egutegi trinkoek, astebururoko joan-etorriek eta kirol honek eskatzen duen dedikazio mailak zail egin ohi dute amatasuna eta goi mailako jarduna uztartzea.
Azken urteotan emakumeen arraunak hazkunde nabarmena izan du. Aurrerapauso guztiak dira garrantzitsuak, baina nekez har daitezke nahikotzat, baldin eta hazkunde hori kirol ibilbideen jarraitutasunean islatu ohi ez bada.
Arraunak etorkizunaz hitz egin nahi badu, ezin du harrobiaz bakarrik hitz egin. Era berean, ezin du normaltzat jo emakume askok amatasuna eta goi mailako jarduna bateraezintzat bizitzea. Izan ere, eztabaidaren muina ez dago emakume bakoitzak hartzen duen erabakian, erabaki hori baldintzatzen duten egituretan baizik.