Pentsiodunei pentsioa igotzeko diru laguntza sortzea eskatuko dio Azkoitiko EH Bilduk Udal Gobernuari

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urr. 27a, 13:01

Datorren asteazkeneko udalbatzarrean aurkeztuko du eskaera hori jasotzen duen mozioa Azkoitiko EH Bilduk. Mozioa babestera agertzeko deia egin die koalizioak herriko pentsiodunei.

Pentsio duinen aldeko elkarretaratze bat, Azkoitian. (Ane Olaizola) Azken hilabeteetan, kaleak hartu dituzte adinekoek, pentsio duinak aldarrikatzeko helburuarekin. Astez aste, Euskal Herriko pentsiodunak mobilizatzen ari dira "igoera" iraingarria salatzeko, eta, era berean 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Horrekin batera, herritarrentzat "nahikoak eta bidezkoak" diren pentsioak ziurtatuko dituen sistema propio baten premia aldarrikatzen ari dira. Errealitate horren harira, eta pentsiodunek "arrazoi" dutela iritzita, Azkoitiko EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du datorren asteazkeneko udalbatzarrean. "Madrilera edo Gasteizera begira egon beharrean, azkoitiarrei begiratu eta neurri zehatzak hartzeko konpromisoa eskatzen duen mozioa eramango dugu udalbatzarrera", adierazi du koalizioak. Mozioaren bidez, bi neurri onartzeko eskatuko dio EH Bilduk udalbatzari: alde batetik, pentsiodunen aldarrikapenak babestea eta publikoki beraiei adieraztea; eta, bestetik, premia larrienean dauden pentsiodunen pentsioak osatzeko diru laguntza sortzeko partida jartzeko konpromisoa hartzea."2019. urtean gure herrian okerren pasatzen ari diren pentsiodunei pentsioa igotzea da laguntza horren helburua", azaldu du EH Bilduk. Diru laguntza hori sortzeko momentuan, ezinbestekoa izango da herriko pentsiodunen ekarpena. Koalizioak nabarmendu duenez, Azpeitian dute laguntza horren adibidea. Asteazkenean, urriak 31, 19:00etan egingo den osoko bilkurara mozioa babestera agertzeko deia egin die koalizioak herriko pentsiodunei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide