Azkoitiko Udalak gaur arratsaldean kaleratu du joan zen ostiralean
emakume batek lantokian jasan zuen sexu erasoa salatzeko oharra. Erakundeak goizean
Bozeramaileen Batzordea deitu du udaleko oposizioak hala eskatuta, eta bilkura 18:00etan egin dute. Dena den, udaleko Ongizate Saila goizean jarri da harremanetan erasoa pairatu zuen 29 urteko emakume azkoitiarrarekin, erakundeak eskura dituen baliabideak eskaintzeko.
Udalak "gogor" salatu du gertatutakoa, "emakumeen duintasunaren aurkako jokabide matxistak onartezinak" direlako. "Indarkeria matxistak forma ezberdinak hartzen dituela ikusi dugu egun hauetan. Orain arte horrelako testigantzak ezkutuan gordetzen ziren. Lortu dugu ozen gaitzestea. Lor dezagun gaitzespen beharrik gabeko gizarte parekidea".
Halako gertaera "deitoragarrien" aurrean, udalak herritarrei gogorarazi die erakundearen zerbitzuak eta baliabideak beren eskura dituztela eta esan die Ongizate Sailera deitzeko (943-85 71 74 telefonoa) beldurrik ez izateko.