"Normaltasuna" nagusitu da Azkoitiko Andramari jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abu. 22a, 21:08

Udalak jaien balorazio positiboa egin du, "une oro normaltasuna nagusitu" delako. Erakundearen arabera, ez da aparteko gertaerarik izan, eta horrek "sekulako lasaitasuna eta poza" ematen dizkiola esan du Javier Zubizarreta alkateak.

Aurtengo Kuadrillen Eguneko bazkariko irudia. Joan zen igande goizean bukatu ziren Azkoitiko Andramari jaiak, eta udalak festen balorazio positiboa egin du "normaltasuna" nagusitu delako. Javier Zubizarreta alkatearen arabera, festak "oso ondo" joan dira. "Jendeak behar bezala gozatzen jakin du, zentzuz eta errespetuz. Horixe da beti eskatzen duguna, eta, beraz, azkoitiarroi eskertu beharrean nago". Azkoitiko alkateak eskerrak eman dizkie inguruko herrietatik gauez gerturatu diren gazteei nahiz helduei, baita kanpotik bisitan etorri direnei ere. "Une oro normaltasuna mantenduz jokatu dute". Udalak azaldu duenez, ez da gertaera aipagarririk izan, eta horrek "sekulako lasaitasuna eta poza" ematen dizkiola adierazi du Zubizarretak. Hark, gertaera tamalgarririk gertatu ez dela ikusita, eguraldi hobea egokitu zitekeela esan du. Izan ere, euriagatik abuztuaren 16 arratsaldean eta 17 goizean jarduera batzuk bertan behera utzi behar izan zituzten, hala nola Balda plazako jolas dinamikoak, plaza dantzak edota buruhandien eta erraldoien kalejira. "Lastima da, baina ez ginateke harritu beharko. Tokirik onenean bizi gara, baina gutxien espero dugunean aterkia bihurtzen da gure lagunik onena", esan du. Udal azaldu duenez, alternatibak bilatzen saiatu ziren, baina arrazoi desberdinak tarteko ez zen posible izan ekitaldi orori aterabidea ematea "antolatzaileek hala erabaki zutelako, segurtasun kontuengatik edo une hartan ez zegoelako baldintzak betetzen zituen beste espaziorik. Hala eta guztiz, udala gustura agertu da. "Jendea ondo pasatzera atera da kalera, eta aurtengo jaien kontakizun zoriontsua egin dezakegu", esan du Azkoitiko alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide