Gaur, Andramari Eguna, izango da zer egin Azkoitian; izan ere, musika bandaren kontzertua, pilota partidak, zezen txikiak, gimnastika erritmikokoen emanaldia eta abar izango dira egun osoan zehar. Gainera, gaur izango da edizioz edizio hain entzutetsu bilakatu den Film Laburren Lehiaketa. Gaurkoa txapelketaren VIII. edizioa izango da, eta 22:30etik aurrera zazpi lan ikusi ahal izango dira -iaz baino bat gehiago- plazan.
Emanaldiaren ostean bi sari banatuko ditu udalak: epaimahaiarena eta ikusleena. Lehena jasotzen dutenek 250 euro eta oroigarria eskuratuko dituzte, eta ikus-entzuleena jasotzen dutenek 150 euro eta oroigarria. Antolatzaileek hala erabakita, film labur berak ezingo ditu bi sariak jaso.
Euskara izan da aurtengo ikus-entzunezkoak egiteko gaia, film laburren txapelketa Euskaraldiaren baitan kokatu nahi izan dutelako.