Iaz Txintxarri lokalaren film laburrak irabazi zuen txapelketa. (Bideotik hartutako irudia)
Zortzi taldek parte hartuko dute Azkoitiko Andra Mari jaietako film laburren txapelketan. Udalak antolatu ohi du txapelketa, eta ostiralean itxi zuen izena emateko epea. Beraz, zortzi ikus-entzunezko lan ikusteko aukera izango dute herritarrek abuztuaren 15ean plazan egingo den emanaldian, 22:30ean. Aurten,
Euskara izango da gaia, film laburren txapelketa Euskaraldiaren baitan kokatu nahi izan dutelako, eta Udalak azaldu duenez, gaiaz gain, “umoreak, sormenak edota lan bakoitzaren maisutasunak aginduko du” film laburrik onena erabakitzerakoan. Bi sari banatuko dituzte. Film laburrik onenaren egileak –epaimahaiak emango du sari hori– 250 euro eta oroigarria jasoko ditu; bigarren saria lortzen duenak –herritarren bozei esker–, aldiz, 150 euro eta oroigarria eramango ditu.