Herri barruan mugitzeko udako autobus zerbitzua jarri du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko uzt. 4a, 10:24

Abuztuaren 31ra arte egongo da martxan zerbitzua. Herrian autoen erabilera murriztea du helburu. Txartelak herriko denda eta taberna batzuetan eros daitezke

Herri barruko autobus zerbitzu berria. (Juan Luis Romatet) Herrian barrena mugitzeko autobus zerbitzua martxan jarri du udalak. Abuztuaren 31 bitartean izango da zerbitzua abian, eta aurreko bi urteetan herrian zehar ibili den txu-txu trena ordezkatuko du. Herrian autoen erabilera murriztea eta herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzea du helburu. Autobus hau goizez eta arratsaldez arituko da bidaiarik kanpoko auzoetatik eta kaleetatik herrigunera eramaten. Zerbitzuaren hasieran eta amaieran Narrondora eta Oikiara joango da. Bestela, herrian prestatutako zirkuitu bat egingo du. Geldialdiak honako puntuetan egingo ditu: Estazioa, Alai auzategia, Sagarbide, GKN aurrea, Arranpla, Larretxo, Amaiako plaza eta Patxita Etxezarreta. Erabiltzaileek autobusa une oro non dagoen jakin ahal izango dute autobus geltokietan egongo den QR kodearen bidez edota autobusa.zumaia.eus­ webgunean. Autobus zerbitzua erabili ahal izateko txartelak lortzea beharrezkoa izango da. Txartel horiek herriko denda, ostatu edota tabernetan eskuratu ahal izango dira. Horrekin helburu bikoitza bete nahi du udalak. Alde batetik, autobusaren funtzionamendua erraztea eta ordutegia betetzea. Herritar guztiek txartelak autobusean bertan erosiz gero, ilarak sortu daitezke eta, horrela, zerbitzua moteldu. Bestetik, herriko merkataritza sustatzea ere badu helburu. Udalaren ustetan, txartelak erostearekin batera herritarrek dendan edo tabernan kontsumitzea bultzatzeko aukera zabalduko bailuke. Autobusa erabiltzeko txartelen kostua 50 zentimokoa izango da, baina aurrez bost txartel erosiz gero, seigarrena dohainik izango da. Beraz, 2,50 euroren truke 6 txartel eskuratu ahal izango dira. Aldaketak aparkalekuetan 2018ko aparkalekuen erregulazio sistema indarrean jarri zuenetik hilabete erdi igaro ondoren, aparkaleku guneetan bi aldaketa egitea erabaki du Zumaiako Udalak. Zubitxikitik Moilaberriko zubia arte, Txomin Agirre kaian ibai aldeko aparkalekuak egoiliar gune izatera igaroko dira. Eusebio Gurrutxaga plaza pareko sei aparkaleku inguru, ordea, errotazio altuko gune gisa mantenduko dituzte. Saregile plaza parean, autobusak biratzen duen lekua egun egonaldi ertaineko aparkaleku gunea da, baina aste honetatik aurrera, erdia –autobusak biratzen duen lekura arte, alegia– egoiliarrentzat gordeko da. Beste erdia –Julio Beobide ibilbideruntz doana–, aldiz, orain arte bezala, egonaldi ertaineko gune gisa mantenduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide