Badirudi LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten diskriminazio guztiak Azkoitia Bai herri plataformari ez zaizkiola batere axola, 2018-ko ekainaren 27ko udal bilkuran beste alderdi denak mozioaren alde bozkatu zutelako, eta gu, aldiz, abstenitu egin ginelako. Ez gara abstenitu herriko gai zehatz bat ez delako soilik; udal bilkuran arrazoi gehiago ere eman genituen. Horrelako mozioetan beti abstenitu izan gara: Gure Esku Dago, euskara, emakumeen aurkako diskriminazioa… eta ez pentsa; gutxienez besteen adina axola zaizkigu gai horiek, baina gure taldea ez duzue aurkituko, urtea behin, beste ezer egin gabe, mozio bat irakurtzen.
Azken agintaldi honek dagoeneko hiru urte bete ditu, eta LGTBI+ hitza ekainaren 27-28aren buelta horretan bakarrik entzuten dugu, gainerako urte osoan ez da aipamenik ere egiten. Gure ustez, alderdi bakoitzeko komunikazio departamentutik lantzen dira ia mozio denak, eta alderdi bakoitzak berea irakurtzen du tramitea pasatzeko. Gure taldea ez dago horretarako prest, eta nahiago dugu beste era batera jokatu.
Pare bat urtez emakumeen aurkako biolentzia matxista salatu dugu, udal bilkura denetan aipamen bat eginez eta beste alderdi denen elkarlana eskatuz. Denon artean zerbait egin behar genukeela adierazi diogu behin eta berriz beste alderdiei: batzordeetan gaia jorratu, komunikatu bateratuak aurkeztu... baina ez dugu erantzun bat bera ere jaso. Horrekin ez dugu esan nahi guri gai hau besteei baino gehiago axola zaigunik, beste era batera landu nahi dugula baizik, guretzat egokiago eta batik bat eraginkorrago litzatekeelako.
Ea mozioen aurrean dugun jarrera garbi azaltzeko gai izan garen, eta besterik gabe, mozioetan esan ohi dugun gauza bera esango dizuegu berriro: edozer gai dela, beti lanerako prest gaudela, eta beste alderdi/talde/erakundeekin elkarlanean bada, askoz ere hobe.
Batzuetan kontrako jarrera erabiltzea ere pentsatu izan dugu, mozioak japoniarrak greba egiten duten erara erabiltzea, hau da, egunero/astero mozio bat prestatu eta hilero udal bilkuran denak irakurri, emakumearen eguna, arraza diskriminazioarena, uraren eguna, prentsa askatasunaren aldekoa, errefuxiatuena, giza eskubideena, emakumeenganako tratu txarrak gaitzesteko nazioarteko eguna... Horrela egingo bagenu Azkoitia Bai herri plataforma izango litzateke talde konprometituena?