Instalakuntza Duinak Orain! taldeak igerilekua handitzearen aldeko sinadurak erregistratu ditu udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko eka. 28a, 13:11

2.090 sinadura bildu zituen taldeak azarotik urtarrilera bitartean. Igerilekua handitzeko aurreproiektua eginda dago, eta taldearen helburua da Azkoitiko Udalari proiektua gauzatzeko urratsak eginaraztea: datorren urteko aurrekontuetan udalak lanak egiteko beharrezkoa den diru saila sartzea nahi dute.

Instalakuntza Duinak Orain! taldeak atzo, asteazkena, erregistratu zituen igerilekua berritzea eskatzeko jaso zituen 2.090 sinadurak. Joan zen azarotik urtarrilera bitartean jaso zituzten sinadurak, eta horiez bidez gaur egun igerilekuak ez dituela herritarren beharrak betetzen adierazi dute taldeko kideek. Gainera, arazoari irtenbidea ematea eskatu du Istalakuntza Duinak Orainek. Gainera, atzoko udalbatzarrera joan ziren taldeko kideak, udaletxean ordezkaritza duten alderdi politikoei sinaduren erregistroaren, gaur egungo egoera eta hurrengo pausoen berri ematera. Gaur egun igerilekua handitzeko eta berritzeko aurreproiektua eginda dagoela azaldu du taldeak; hain zuzen ere, lan horretan jasota dago Elkarguneko futbol zelaian igerilekua egin eta zelaia saskibaloiko kantxetara lekualdatuko dutela. “Izan ere, saskibaloi kantxa horien erabilera oso urria da eta futbol zelaiak filtrazio arazoak ditu”. Ekainaren 5ean aurkeztu zien Instalakuntza Duinak Orainek aurreproiektua herritarrei, eta haien arabera, “harrera oso ona” izan zuen proposamenak. Taldearen arabera, hurrengo pausoa proiektua garatzea izango da, eta horretarako, 140.000 euro beharko dituztela gogorarazi du. Hori dela-eta, Azkoitiko Udalak zenbateko hori datorren urteko udal aurrekontuetan sar dezan ahalegina egingo duela adierazi du, “ezer lotuta ez dagoen arren, horretarako aukera badagoelako”. Horrez gain, plataformako kideek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu parte-hartzaileetan ere eskatu dute igerileku berria finantzatzea, eta aldundiko Kirol Saileko ordezkariekin biltzea aurreikusten dute Instalakuntza Duinakeko kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide