Jon Iraolak zinegotzi karguari eustea erabakita, giro nahasia sortu da Zumaiako Udalean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mai. 22a, 09:41

Zumaiako EAJk "traiziotzat" jo du bere zerrendan aurkeztutako zinegotziak azken unean erabakia aldatu izana. Aparkalekuen udal agintaraua eta Turismo Plana onartu ditu udal bilkurak

Osteguneko udalbatzarreko une bat. (Juan Luis Romatet) Giro nahasia bizi da Zumaiako Udalean, bereziki joan den ostegunetik EAJren udal taldean. Ostegunean, maiatzeko ezohiko udalbatzarra egin zen, eta gai zerrendan Jon Iraola zinegotziak karguari uko egitea jasota zegoen. EAJren hautes zerrendan aurkeztu zen zinegotzia. Ostegun goizean, baina, Iraolak gutun bat bidali zien udal idazkariari eta alkateari, udalbatzarreko gai zerrendatik puntu hori kentzeko eskatuz. Apirilaren 26ko ohiko udalbatzarrean Jon Iraola zinegotziaren dimisioa iragarri zuen Oier Korta alkateak. Kargu uzte hori maiatzaren 17ko ezohiko udal bilkuran gauzatuko zela adierazi zuen orduan alkateak. Hiru asteko epean, ordea, egoera erabat aldatu da. Iraolak atzera egin du zinegotzi kargutik dimititzeko erabakiarekin, eta zinegotzi jarraituko du Zumaiako Udalean, atxikitu gabeko bezala, alegia. Udalbatzarrean, ordea, ez zuen erabaki horren nondik norakoen berri eman. Alkatea, berriz, gogorra izan zen Iraolarekin. "Sigla batekin aurkeztu zen hauteskundeetara eta berak erabaki du alderdi horretatik ateratzea. Herria izango da zinegotzi honen jarrera epaituko duena", adierazi zuen alkateak. Ostiral goizean, Zumaiako EAJk zinegotziaren jarrera salatu zuen komunikatu baten bidez. Idatzi horretan jeltzaleek "transfuga" gisa jo dute Iraola. Diote dimisioa aurkeztu behar zuen egunean, udalbatzarra hasi baino sei ordu lehenago, alderdian baja eman eta zinegotzi-kargua ez uztea erabaki zuela. EAJren esanetan, "Iraolaren erabaki hau alderdi honengan bere konfiantza jarri zuten EAJren hautesleei traizio bat da". Iraolak hartutako erabakiaren ondoren, EAJko udal taldea sei zinegotzi izatetik bostera igaro da Zumaiako Udalean, ondorioz gutxiengoan geratzen da, EH Bilduk sei zinegotzi baititu. PSE-EEk zinegotzi bat du eta Jon Iraola izango da 13. zinegotzia. Beste erabaki batzuk Maiatzeko ezohiko udal bilkurak aparkalekuak erregulatzeko 2018ko ordenantza behin betiko onartu zuen. Agintarau hori ekainaren 15ean jarriko da indarrean. Asteartean aurkeztutako Turismo Planari ere behin betiko onartu du udal bilkurak. Hondartzetako erabilpena arautzeko eta udal baratzen ordenantzek, berriz, behin behineko onespena jaso zuten. Zumaiako Mugimendu Feministari Mozal legea ezartzeagatik EH Bilduk aurkeztutako proposamena ere onartu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide