Prest dute Aste Santurako "ospakizun berezien" egitaraua Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mar. 22a, 15:15

Azkoitian, Hondarribian, Seguran eta Pasaian Aste Santurako antolatu duten kultur eskaintza aurkeztu dute herri horietako ordezkariek eta aldundiko kideek gaur, osteguna, Donostian. Azkoitian, besteak beste, Erramu igandean eta Ostiral Santuan izango dira ekitaldiak. Gainera, lau bisita gidatu prestatu dituzte Ostegun Santutik Igande Santura bitarterako.

Azkoitiko, Hondarribiako eta Segurako eta aldundiko ordezkariak. (Aldundia) Azkoitian, Hondarribian, Seguran eta Pasaian Aste Santurako antolatu duten kultur eskaintza aurkeztu dute herri horietako ordezkariek eta aldundiko kideek gaur, osteguna, Donostian. Hain zuzen ere, aurkezpenean izan dira, besteak beste, herri horietako zinegotziak eta Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria. Herri horietako aurkezpenak egin dituzte, Aste Santuetan "ospakizun oso bereziak" egiten dituztelako. "Prozesioak, bisita gidatuak eta beste hainbat emanaldi izaten dira, eta horiek kultura eskaintzeaz gain, turismoa sustatu eta lurraldeak gaur egun duen eskaintza anitza osatzen dute". Azkoitiko egitasmoen antolakuntza taldeko Juan Bautista Mendizabalek hitza hartu du aurkezpenean. Hark Aste Santuak dituen interes turistikoa eta erlijiosoa azpimarratu ditu, baita Azkoitiak hartzen duen ukitu "herrikoia" ere. Mendizabalek esan duenez, 300 bat lagunek parte hartzen dute antolatutako egitasmoetan. "Azkoitiko Aste Santuaren liturgia beti nabarmendu izan da barneratze eta duintasun giro apartagatik. Ekitaldiek balio sinbolikoa eta adierazkorra dute, batez ere ohitura polifoniko aberats batetik datozelako eta Pasioaren antzezpenaren inguruan sortutako ondare historikoaren oinordeko direlako". Erramu igandea izango da datorrena, eta goiz partean, 11:00etatik aurrera, erramua bedeinkatzeko aukera izango dute herritarrek plazan. Ondoren, umeen prozesioa izango da. Dena den, Ostiral Santua izan ohi da egunik indartsuena Azkoitian; izan ere, bi prozesio egiten dituzte egun horretan. Lehena, Jesusen nekaldiarena eta heriotzarena, 18:00etan hasiko da; bigarrena, hilobirako prozesio santua, berriz, 21:30ean. "Intsentsu usainak, Chopinen Hileta martxaren doinuak, armatuen lantzen danbadek eta Aldalur musikagile azkoitiarraren Agur obraren musikak hartzen ditu kaleak gau parte horretan", azaldu du Mendizabalek.

Bisita gidatuak

Aste Santuko ohiko egitarauaren osagarri, bisita gidatuak ere antolatu dituzte Azkoitiko ondare historikoari, artistikoari eta kulturalari balioa emateko. Honako bi bisita hauek prestatu dituzte:

Martxoak 29, Ostegun Santua

12:30ean. Andre Maria Jasokundearen Parrokia eta Aste Santuko irudiak.

Martxoak 30, Ostiral Santua

12:30ean. Azkoitiko gune historikoak.

Martxoak 31, Pazko Bezpera

12:30ean. Intsaustiko Jauregian bisita gidatua.

Apirilak 1, Igande Santua

12:30ean. Ignaziotar Azkoitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide