Iraitz Otaño, Ainara Goenaga eta Itziar Joaristi EH Bilduko zinegotziak. (Ihintza Elustondo)
Azkoitiko EH Bilduk EAJren Udal Gobernuak parke estaliaren proiektuaren inguruan izan duen jarrera salatu du. Azkoitiko Udalak joan den ostiralean
jakinarazi zuen Gaztaneneako parkean eraikiko duela jolastokia. Koalizioak adierazi du Udal Gobernuak "alde bakarreko erabakia" hartu duela "herritarrentzako oso garrantzitsua" den gai baten inguruan: "Beste alderdiei eta herritarrei galdetu gabe erabaki dute Gaztanenea eraikinaren ondoan eraikitzea parkea".
Horren aurrean, EH Bilduk gogora ekarri nahi izan du aurreko legealdian herritarrekin egindako parte hartze prozesu baten bidez erabaki zela parke estalia egitea eta haren kokalekua. Hain zuzen ere, Trenbidearen Zumardia kaleko gunean eraikitzea adostu zuten. "Proiektua egina zegoen, eta hauteskunde ondoren EAJk bertan behera utzi zuen", azaldu dute. Koalizioak dioenez, "ia hiru urte luze" igaro ondoren berreskuratu du proiektua EAJk, "baina hasieratik zuen parte hartzearen oinarria alde batera utzita".
Arrazoi horiek direla eta, EH Bilduk Javier Zubizarreta buru duen Udal Gobernuari eskatu dio parte hartze prozesu bat edo herri galdeketa bat martxan jartzeko, azkoitiarrek erabaki dezaten non nahi duten parke estalia egitea. "Herriak badauka heldutasun demokratikoa eta berak erabaki dezala inposizioaren gainetik".
Horrekin batera, aurreko legealdian prestatutako proiektua erakutsi nahi izan du EH Bilduk. Hona hemen proiektua, eta parkea eraiki nahi zuten lekua: