Sexu erasoei aurre egiteko mugikorretarako aplikazioa Azkoitian ezartzea eskatuko du PSE-EEren udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ots. 6a, 15:02

Otsaileko udalbatzarrean eskaera hori egiteko mozioa aurkeztuko du PSE-EEko zinegotzi Janire Igoak. Igoak esan duenez, aplikazioak izandako "emaitza onak" kontuan hartuta, Azkoitian ere teknologia hori "sexu erasoen aurkako disuasio tresna gisa" baliatu behar da.

PSE-EEren Azkoitiko udal taldeak sexu erasoei aurre egiteko martxan dagoen telefono mugikorretarako aplikazioa herrian ezartzea eskatu dio Udal Gobernuari. Janire Igoa PSE-EEko zimegotziak otsaileko udalbatzarrean aurkeztuko du eskaera hori mozio bidez, eta hark aplikazio horren garapena Eudelekin koordinatuta egitea eskatuko du. Igoak ohar bidez jakinarazi duenez, egitasmoaren hasierako proposamena joan zen urrian egin zuten Durangon; izan ere, hango udaleko PSE-EEko ordezkari Pilar Riosek "bultzatu" zuen ideia "aitzindari" hori. Igoak esan duenez, aplikazioak izandako "emaitza onak" kontuan hartuta, "Azkoitian ere baliatu egin behar dugu teknologia sexu erasoen aurkako disuasio tresna gisa". Hark gogorarazi duenez, joan zen udako Andramari jaietan ustezko sexu eraso bat izan zen Azkoitian, eta "emakumeek halako egoerarik ez jasatea" lortu behar dela esan du. "Emakumeek jasaten dituzten erasoak geldiarazteko jardun beharra dago, eta horrek erabateko lehentasuna izan behar du guztiontzat, baita gure ekintza publikoaren barruko jardun nagusien xede ere. Ildo horretan, eremu guztietan jardun beharra dago, gure lurraldeko emakumeen eta nesken segurtasuna bermatu ahal izateko (gure betebeharra da hori) eta emakumeak eta neskak gure lurraldeetako eta udalerrietako kaleetan askatasun osoz eta beldurrik sentitu gabe ibili ahal izateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide