EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin onartu dituzte datorren urterako udal aurrekontuak Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abe. 28a, 18:24

Atzoko udalbatzarrean onartu zituzten 2018rako aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin, eta Azkoitiko Udalak 14.453.394 euroko aurrekontu orokorra izango du datorren urtean. EH Bildu abstenitu egin zen "parte-hartzerik gabeko" aurrekontuak direlako eta EAJk "betiko politikekin" jarraitzen duelako.

Atzoko ez ohiko udalbatzarreko irudi bat. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udalak atzo, asteazkena, egindako ez ohiko udalbatzarrean onartu zituen datorren urterako Udal Gobernuak osatutako aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Orotara, 14.453.394 euroko aurrekontua izango du datorren urtean Azkoitiko Udalak. Hainbat bozketa egin zuten udalbatzarrean; izan ere, aurrekontu propioaz gain, Elkargunearen, Azkoitia Lantzenen eta San Jose egoitzaren aurrekontuak izan zituzten eztabaidagai.

Azkoitiko Udalak 14.100.000 euroko aurrekontu propioa izango du datorren urtean, aurten baino txikiagoa –aurten 15.780.000 eurokoa izan du–, eta Udal Gobernuaren proposamena EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu zuten. Udal Gobernuaren aurrekontu proposamena egin zuenean, Ana Azkoitia zinegotziak esan zuen 2018koa aurrekontu "nahikoa kontinuista" izango zela. Proiektu nagusien artean dira estalitako parke bat egitea –ez dute zehaztuta non eraikiko duten–, San Martin auzoko balda kalean irisgarritasuna bermatzeko lanak egitea eta Plaza Berria eraberritzeko proiektua lantzea. Prebentzio Mahaiarentzat jarritako diru saila ere azpimarratu zuen Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak. Aurrekontu proiektuaren proposamena aurkeztu zutenean jakinarazi zituzten arloz arloko diru partidak-eta honako albiste honetan ikus daitezke.

EH Bildu abstenitu egin zen aurrekontu propioaren bozketan, eta Azkoitia Baiko ordezkaria ez zenez udalbatzarrean izan, ez zuen botoa ematerik izan. Dena den, Azkoitia Baik bere webgunean argitaratu du aurrekontuei egindako zuzenketa. EH Bilduk aurrekontu propioa ez onartzearen arrazoiak bi direla azaldu du: "Batetik, parte-hartzerik gabeko aurrekontuak direlako; eta, bestetik, EAJk betiko politikekin jarraitzen duen aurrekontua osatu duelako". EH Bilduko ordezkariek esan dutenez, "agintaldi hasieratik" ikusi dute "parte-hartzea aurrekontuetatik desagertzen", eta datorren urterako aurrekontuetan ere horretarako gutxieneko partidarik ez dutela jarri salatu dute. EAJren Udal Gobernuari kritika egin diote koalizioko udal ordezkariek; izan ere, haien arabera udalak, urtez urte, "geroz eta diru gehiago gastatzen du txukunketan eta lorezaintzan, herritarren beharrak asetu beharrean".

Elkargunea, Azkoitia Lantzen eta San Jose Egoitza Udal aurrekontu propioa ez ezik, Elkargunearen, Azkoitia Lantzen sozietatearen eta San Jose egoitzaren aurrekontuak onartu zituzten. EAJk eta PSE-EEk aldeko boza eman zuten hiru aurrekontu horietan, eta EH Bilduko ordezkariak abstenitu egin ziren Elkargunearen eta Azkoitia Lantzenen aurrekontuetan eta aldeko boza eman zuen San Jose egoitzarenean. Horrenbestez, Elkarguneak 821.473,76 euroko partida izango du datorren urtean; Azkoitia Lantzenek 276.894 eurokoa; eta San Jose egoitzak 73.000 eurokoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide