ARGAZKI BILDUMA: Karan haurren arropa dendak irabazi du Azkoitiko Erakusleiho Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abe. 23a, 16:58

Gaur, larunbata, banatu dituzte Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak Gabonetako Erakusleiho Lehiaketako sariak. Karan haurren arropa dendak irabazi du lehen saria, eta 350 euroko diru saria jaso du. Epaimahaiaren sari ez ezik, Facebook bidezko boz gehien ere umeen arropa denda horren erakusleihoak jaso du, eta, horrenbestez, Herritarren Saria ere (150 euro) Karanentzat izan da. Bigarren saria, berriz, ETK informatika dendak jaso du (250 euro), eta hirugarrena Ainhoa gizonezkoen ile-apaindegiak (150 euro). Gainera, ETK-k bigarren sariaz gain, Herrixen elkartearen sariari dagokion otarrea ere jaso du. Torre Zuri erakusketa aretoan egin dute sari banaketa ekitaldia. Epaimahaiak erakusleihoaren itxura ez ezik, hura muntatzeko erabilitako materialak, produktuak erakusketa modua eta Gabon giroa ere hartu ditu kontuan. Aurtengo edizioan 17 saltokik parte hartu dute lehiaketan. Sari banaketa ekitaldian Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatearen aipamen berezia jaso du Aldalur sastreriak; izan ere, aurten 100 urte bete ditu saltoki horrek. "Herria puzzle bat da; batzuk handiagoak, besteak txikiagoak, denon artean osatzen da puzzlea. Eta hutsunea geratzen den arte, inor ez da bakoitzaren garrantziaz jabetzen", esan du Javier Zubizarreta alkateak. Gaineratu du eskertzekoa dela dendariek beren saltokiak apaintzeko egin duten ahalegina, "argitasuna eta kolorea" eman baitiete horiek kaleei. Sari banaketa ekitaldian bertan 20 otarre zozkatu ditu herritarren artean Herrixenek. Facebooken erakusleiho onenaren aldeko boza eman duten herritarren artean, berriz, erosketa txartel bat zozkatu du merkatari elkarteak, eta Beatriz Espadak jaso du bono hori. Hona hemen, irudi batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide